Urte hasieran Nafarroako Gobernuak liburutegietako arduradunen lanpostuak betetzeko deialdia egin zuen; tartean Bera eta Lesakako liburutegietakoak. Horren arabera, lanpostu horietan aritzeko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea, eta hizkuntza hori jakitea ez litzateke meritu gisa baloratuko.
Erabaki horren aurka zenbait helegite jarri ziren. Sinadura bilketa bat ere egin zen, bereziki liburutegietako erabiltzaileen artean, eta orohar herritarren artean. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sinadura guztiak bildu eta Nafarroako Gobernuari nahiz Nafarroako Arartekoari helarazi zizkion.
Berriki Arartekoaren erantzuna jaso du Mankomunitateak. Francisco Javier Enériz Arartekoak azterketa zehatza egin du, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Sailari gogorarazi dio Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legea bete behar duela, baita Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen 32/2002 Foru Legea ere. Bi hilabeteko epea eman dio txostena egiteko, lege betebehar horiek betetzeko hartu behar dituen neurrien inguruan edo horiek ez onartzeko arrazoien inguruan.
Liburutegietako arduradunen lanpostuak betetzeko prozedurak aitzinera segitzen du, Barne Kontseilariak gora jotzeko helegiteetan prozedura eteteko egindako eskaerak baztertu baitzituen.