Lesakako Herriko Etxean zortzi urtez lanean aritu ondotik, eta tarte horretan bere ondoan izan direnak eskertu ondotik, hurrengo lauetan irabazi asmorik gabeko elkarte bezala lan eginen duela jakinarazi du Onin Udal Taldeak, ohar bidez. Lau arlotan oinarrituko da bere lana: kultura, ingurumena, boluntariotza eta berdintasuna. Taldearen webgunea (www.onintaldea.com) mantenduko dutela ere jakinarazi dute eta bertan agertuko dituztela, irailetik aitzinera, taldearen estatutuak, ideiak eta helburuak. Oninen ustez, “azken hauteskundeetan lesakarrok ez erran diogu esperientzia handia eta hagitz finkatua zuen kudeaketa mota bati, eta bai erran diogu, lau urterako gure konfiantza emanez, gestioan esperiantziarik ez duen kudeaketa mota gazte bati, ilusioz beterik dagoelakoz, ikasteko gogoa duelakoz, eta batez ere, herritarrei aditzeko eta beren proposamenak kontuan hartzeko gogoa duelakoz”.
Lesakako gobernu berriari zorionak eman eta bere programa betetzera animatu ondotik, batzordeak irekitzen baditu parte hartuko duela jakinarazi du Oninek eta horretara animatu ditu herritarrak ere, “ez bakarrik udal batzordeetara, baita Euskara Batzordera, Andramariren Patronatura edo Musika Eskolako Patronatura ere”. Agenda 21 berriz ere martxan jartzeko itxaropena ere agertu du Oninek.
Talde honen ustez, Udalak ongi funtzionatuko du taldean lan egiten bada, eta horretarako borondatea izatea aski da.
Zortzi urte hauetako esperientzia gogorra bezain aberasgarria eta atsegingarria izan dela aipatu du Oninek eta oroitzapen berezia izan du gurekin ez dauden Fermin eta Koterekin.