Lesakako Sanfermin bestei hasiera eman dien txupinazoa uztailaren 6an, heldu den asteazken eguerdian botako bada ere, urtero bezala, aitzineko asteburuan besta usaina somatuko da.
Hasteko, uztailaren 1ean, ortziral arratseko 20:00 aldera, aspaldiko ohitura bati eutsiko zaio, Arramutxari. Txistularien doinuez lagunduta elizatik Herriko Etxera bandera ekarri ondotik, arkupetan goxokiak banatuko dira umeentzako.
Honela, uztailaren 2an, larunbat arratsaldeko15:30 Ilasmendiko tiro-eremuan Plater Tiro Lehiaketa eginen da, Pagolleta Ehiza Elkarteak antolatua. 16:00etan Arkupe Pilotazale Elkarteak antolatua, haurren pilota erakustaldia eginen da pilotalekuan. 20:00etan Lesakako Musika Bandaren kontzertua izanen da.
Uztailaren 3an, igande arratsaldeko 17:30etik aitzinera Plaza Zaharrean, Baztan-Malerreka-Bidasoako Trikitixa Txapelketaren hamalaugarren edizioa jokatuko da, trikitixa taldeak antolatua, Lesakako Udalaren babesarekin. Azken urteetan bezala, 13 urtetik goitikoen eta 12 urtetik beheitikoen kategorian lehiatuko dira.