Club Ciclista Beratarra elkarteak hogeigarren urtez antolatutako La Miguel Indurain txirrindularitza probak partehartzaile marka gainditu zuen larunbatean, ekainaren 25ean. Denera, 2.030 txirrindulari abiatu ziren Beratik. Horietatik 1.279 txirrindularik 113 kilometroko ibilbide laburra osatu zuten, tartean, Miguel Indurain berak, Marisa Lopez de Goikoetxea bere emazteak eta Miguel Indurain semeak. Bertze 751 txirrindularik 186 kilometroko ibilbide luzea aukeratu zuten. Txirrindulari tropelaren neurria ematen du irteera marratik ateratzeko eman zuten denbora. Ibilbide luzean minutu bat eta 50 segundu behar izan zituzten denak pasatzeko eta ibilbide laburrean lau minutu terdi!
Antolatzaileek Bernard Hinault eta Eddy Merckx ere gonbidatuak zituzten, Atarrabiakoak bezalaxe Frantziako 5 Tourren irabazleak direlako, baina ez ziren Berara azaldu. Enrique Irazoki mindua agertu zen: “Ez etortzea normala da, agenda arazoak direla-eta ez da erraza toki guzietara ailegatzea, baina min gehien egin nauena erantzunik ez jasotzea izan da, e-mail bat bidali ezin duzula etorri erranez eta kitto! Denak hain kontent geldituko ginen. Aspalditik neukan ilusioa zen, Tourra 5 aldiz irabazi zuen Anquetil bizi zenetik, baina ezinezkoa izan da. Dena den, ezin dut beraietaz gaizki solastu, betidanik beraien forofoa izan naiz-eta!”. Baina bi txapeldun handiak ez etorriagatik, alde guzietako txirrindulariak ageri ziren: frantziarrak, kanariarrak, gallegoak, kataluniarrak, valentziarrak… Bitxikeria, Italiako Turineko Wonderland zirkuko bi langilek jarri zuten. Enrico Maccagik aipatu zigunez, “astebeteko oporrak genituen zirkoan eta Quebrantahuesos eta La Indurain egiteko aprobetxatuko dugu, gero buelta zirkora!”. Beteranoen artean zeuden, nola ez, Miguel Bidaurreta, 81 urteko hondarribitarra eta Juan Martin Quintanilla, 77 urteko pasaitarra.
Xabi Aranguren igantziarra garaile proba luzean
186 kilometroko ibilbide luzean Xabi Aranguren igantziarra suertatu zen garaile, 5 ordu, 15 minutu eta 32 segunduko denborarekin. Bederatzi laguneko taldetxoa helmugaratu zen lehen postuetan. Sopuertako Rafael Perez San Jose eta Iruñeko Eñaut Otxoak osatu zuten podiuma. Aipagarria da Luciano Mitxelena lesakarraren lana ere. 55 eta 64 urte arteko G kategorian aisa irabazteaz gain, 19. Izan zen sailkapen orokorrean.
Emakumezkoetan hiru bakarrik ausartu ziren ibilbide luzea osatzera. Horien artean, Basauriko Virginia Lotina nagusitu zen, 6 ordu, 52 minutu eta 7 segunduko denborarekin. Paula Gonzalez bilbotarra minutu terdi beranduago helmugaratu zen eta Zumarragako Nekane Lasak 20 minutu gehiago behar izan zituen.
Ibilbide laburrean marka berria
113 kilometroko ibilbide laburreko lehen sailkatuak hegan ibili ziren. Gernikako Antonio Alcañizek iaz galdu zuen 2008tik zeukan errekorra, baina aurten marka berria ezaddi du, 2 ordu, 54 minutu eta 26 segunduko denborarekin (banaz bertze, orduko 39 kilometro). Sprint gogorrean, Ikaztegietako Anjelmari Acedo eta Iruñeko Jochen Krügermeyerri nagusitu zitzaion. Joan den urtera arte ez zuen inork 3 ordu baino guttiagoan egin ibilbide laburra, baina aurten 45 lehenbizikoek lortu dute.
Emakumezkoetan, Ana Monreal iruñearra izan zen garaile (3:21:50) eta kasik 9 minutuko aldea atera zien podiuma osatu zuten Idoia Mujika eta Ainara Pacheco gipuzkoarrei.