Cornelia Lekuona Fundazioak Otxogorrienean kokatu nahi du bere egoitza

Aitor AROTZENA 2011ko ekainaren 23a

Lurrak uzteko baldintza, ikastolak gaur egun erabiltzen duen etxea eskuratzea da

Cornelia Lekuona Fundazioa kudeatzen duen patronatua prest dago Tantirumairu ikastolari eraikin berria egiteko lur sailak uzteko eta kontratu berri bat sina­tzeko. Baina kontratu horretan ez dira sartuko gaur egun ikastolak ikastetxe bezala erabiltzen duen Otxo­gorrienea, ezta inguruko lur sailak ere. Horixe da Fundazioa kudea­tzen duen patronatuak jarritako nahitaezko baldintza eta gainera, 25 urterako sinatu zen eta 2015ean bukatzekoa den kontratuaren bidez bi aldeek hartutako konpromiso guziak bukatu­tzat emanen lituzke «bere garaian Irain eskola publikoarekin egin zuen moduko» kontratu be­rriak.

Fundazioak, horrela, Otxogorrienea etxea bere egoitza bezala erabiliko luke, «gaur egun ez baitu egoitzarik» eta «bere fundazio-helburua betez, «baita hez­kun­tza eta kultur ekin­tzetarako ere (kantua, dan­tza, musika…) erabiliko litzateke, Lesakan horre­tarako toki egokien beharra kontuan hartuz». Tantirumairuk, beraz, berritik eraiki beharko luke ikastola, fundazioko patronatuak egindako proposamenaren arabera.

Gogoratu behar da, Tantirumairuk Otxogo­rrienea eta inguruko lu­rrak erabiltzeko kontratua 30 urtez luzatzea eskatu zuela joan den urtean. Asmoa, «Otxogo­rri­enea ondoan bertze eraikin xume bat egitea» dela aipatu zuten, lekua eskas gelditu bai­tzaie. Adibidez, egunero 52 haurrek bazkal­tzen dute ikastolan eta sukaldea eta jangela ttiki gelditu zaie. Fundazioko Patronatuak erantzunik ematen ez zuela ikusiz, ikastolaren eskariarekin bat egin zuen azaroaren 27an udalak ahobatez. Kontratu luzapena, 2015eko Nafa­rroa Oinez herrian egiteko Nafarroako Ikastolen Elkarteak ja­rritako baldin­tza zen.

Patronatuaren proposamen berriak ezinegona sortu du ikastolako guraso eta irakasleen artean, baina afera ongi hausnartu eta eran­tzun bat aitzinerago emanen dute. Herriko kultur taldeek ere bilerak egin dituzte gaia lantzeko eta argi utzi nahi izan dute beraien jarduerek ez dutela Fundazioarekin inolako zerikusirik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun