Alkategai bozkatuena ez izan arren, Aralarko Marisol Taberna izanen da heldu diren lau urteotan alkate. Bilduk eta Aralarrek launa zinegotzi zituzten, baina Bilduk 60 boto gehiago. EAJko bi zinegotziek iragarri bezala, Aralarren aldeko bozka eman zuten ekainaren 11ko kargu hartze egunean eta honela, Josu Iratzoki orain arteko alkateak Marisol Tabernari eman zion aginte makila. Ekitaldian UPNko zinegotzia ezagutzeko aukera ere izan zen, zin egiteko formula gazteleraz irakurtzea eskatu baitzuen Juan Losak. Beraz, hauek osatu dute Udal berria: Aralarko Marisol Taberna, Jon Abril, Fernando Berasain eta Jaione Andueza. Bilduko Josemari Telletxea, Garazi Taberna, J.M. Portu eta Andrea Gouraud. EAJko Santiago Altzuguren eta Isidora Agirre eta UPNko Juan Losa.