Sanjuanak ailegatzearekin batera, tradizio haundiko besta egiten da Sanjuan Xarren. Herritarrak ez ezik, kanpoko jende aunitz biltzen dituena. Aurtengoa gainean dugu, ortziral honetan baita Sanjuan Eguna, ekainak 24, eta horrekin emanen zaio hasiera Sanjuan Xarreko denboraldiari.
Egun horretan, 12:00etan Martin Legarra apezak meza emanen du San Juan Xarren eta ondotik herriko dantzariek euren saioa eskainiko dute. Ohiturak agintzen duen bezala, oinak busti eta hiru iturrietatik ura edateko aprobetxatuko dute eguna bildutakoek, baita tragoxkoa bat hartu, pintxoren bat jan edota erroskilak erosteko ere. Hortik aitzinera, uztaileko igande guztietan meza izanen da Sanjuan Xarren, 12:00etan.
Jubilatuen bazkaria
Urtero bezala, jubilatuek bazkaria eginen duten Sanjuan Egunean. Meza entzun ondotik, 14:00etan zahar etxean bazkalduko dute eta bazkarira joan nahi dutenek juntakoei jakinarazi beharko diete. Bazkaldu ondotik, Joxeanjel akordeoilariarekin dantzaldia izanen da.
60 lagun inguru bildu ohi dira egun horretan. Gainera, berezia izaten da egun hori erretiratuentzat. Udalak eta zahar etxeak bazkariaren zati bat ordaintzen dute eta gainerakoa bazkideek eurek egiten dute.
100 bat bazkide ditu gaur egun elkarteak eta juntan sei kide dira. Jose Arburua lehendakaria da, Amalia Sein lehendakariordea eta bokalak, berriz, Carmen Hita, Migel Hita, Manuela Sein eta Esperanza Eltzaurdia. Urtero kideen erdiak berritzen dira zuzendaritza batzordean.