Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, San Juan bezperan ekitaldi berezia antolatu du Euskara Batzordeak. Aurten, “Lesakan erosketak euskaraz” izenburupean zorionak eta mila esker eman nahi izan dizkiete euskararekin konpromisoa hartu duten denda, zerbitzu eta ostatuei. Zehazki, euskararen aldeko pauso ohargarriez ari da Euskara Batzordea, herritarrok hobekuntza gisa antzematen ahal ditugunak. Lehenbiziko hitza euskaraz errateko ohitura, agiriak eta fakturak euskaraz eskuratzea bezeroei, errotulazioa eta papertegia euskaratzea, barreneko dokumentuak, kontratuak eta nominak kasu, euskaraz izatea eta gisakoak.
Eguneko ekitaldiei dagokienez, 19:00etan hasita Arretxea eta Ote karriketan etxeen izenekin errotuluak paratu zituzten, akordeolari eta txistulari taldeen laguntzarekin. Eduardo Conde batzordekideak aipatu zuen bezala, “pixkanaka-pixkanaka herriguneko etxe guziei bere izena paratzea da. Aitzineko urteetan bertze karrika batzuetan egin da eta aurten Ote eta Arretxean. Betiko izenak ezagutzen baditugu erabili ere eginen ditugu”. Izan ere, batzuk bere etxeen izenak ongi ezagutzen badituzte ere, bertze batzuk lehen aldia zen izen hori aditzen zutena. Honela, Felipe-Arraieneako Rafael Eneterreagak aipatu zigun lehendik ere bazekiela hori zela etxearen izena. Eneterreagak ongi ezagutzen du herriko historia eta zenbait asteburutan herriko neska-mutikoei eta bisitariei Lesakako txokoak eta historia ezagutarazten die. Beraz, ez zuen halako arazorik. Aldiz, Tele-bote ostatuko atarian Ermosenea izena jarri zutenean, ostatuko Juan Carlos Sanjurjo harritua gelditu zen: “Neregatik izanen duk!” zioen, irrika, baina ez zuela egundaino izena aditu ezta, noski, erabili aipatu zigun.
Behin kalejira bukatutak, komentuan jaialdi berezia izan zen. Bertso eskolako neska gazteek Martixio asmatzailea antzeslana eskaini zuten bertsotan, abesbatzak ere bizpahiru kantu eskaini zituen, akordeolari taldeak bezala eta musika bandak txaranga lana bete zuen, txoznako edariak eta bokatak bukatzen ziren bitartean. San Juan suak ere piztu ziren eta hantxe ibili ziren saltoka neska-mutikoak. Ezpatadantzariek ere, Sanferminetarako entsaioa egin zuten, urteko gau laburrenaren eta magikoenaren atarian.