Azken hiru urteetako ohiturari eutsiz, San Juan bezperan ekitaldi berezia antolatu du Lesakako Euskara Batzordeak. Aurten, “Lesakan erosketak euskaraz!” izenburupean zorionak eta mila esker eman nahi dizkiete euskararekin konpromisoa hartu duten denda, zerbitzu eta ostatuei.
Zehazki, euskararen aldeko pauso ohargarriez ari da Euskara Batzordea, herritarrok hobekuntza gisa antzematen ahal ditugunak. Lehenbiziko hitza euskaraz errateko ohitura, agiriak eta fakturak euskaraz eskuratzea bezeroei, errotulazioa eta papertegia euskaratzea, barne dokumentuak, kontratuak eta nominak kasu euskaraz izatea eta gisakoak.
19:00etan Arretxea eta Ote karriketan etxeen izenak paratuko dituzte eta 20:00etan komentuan ekitaldia, berendua, San Juan sua eta jaialdia izanen dira.
Sentsibilizazio lana
Lesakako Euskara Batzordeak San Juan bezperan hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero. Karrika edo inguru bat aukeratu ohi dute, eta bertako etxeei errotulua paratzen diete beren izenarekin. Ekimenak hagitz harrera ona izan du herritarren artean, eta euskarazko etxe izenak berreskuratzeko eta zabaltzeko ez ezik, euskararen aldeko sentsibilizazio lana egiteko ere balio izan du.
Sentsibilizazio lan horretarako, euskararen aldeko mezu hori zabaldu eta jendarteratzeko, urtero, gai ezberdina aukeratzen dute, “hainbat arlotan eragin behar baita egoera hobetzeko”. Duela bi urte 30 eta 50 urte bitartekoen hizkuntza ohiturengan eragin nahi izan zuten. Izan ere, helduen adin talde horretan euskararen erabilera apalagoa baita. Horretarako erabili zuten leloa Badakizu, egizu izan zen. Joan den urtean herritarren jarreretan eragin nahi izan zuten Lehen hitza euskaraz leloarekin. Aurten, berriz, euskara eta arlo sozioekonomikoa lotu dituzte, eta gai nagusia euskararen erabilera, merkataritza eta zerbitzugintza izan da. Ostatu, denda eta mota guztietako zerbitzuetan euskararen erabilera bultzatu nahi dute, eta, bereziki, Bai Euskarari ziurtagiridunen eta euskararekin konpromisoa hartu duten establezimenduen lana aitortu.