Bera eta Lesakako liburuzainen aferean, Bortzirietako eskariarekin bat egin du Arartekoak

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 21a

Euskararen Legea bete behar dela oroitarazi dio Nafarroako Gobernuari eta bi hilabeteko epea eman dio erantzuteko

Urte hasieran Nafarroako Gobernuak liburutegietako arduradunen lanpostuak betetzeko deialdia egin zuen; tartean ziren Bera eta Lesakako liburutegietakoak. Deialdi horren arabera, lanpostu horietan aritzeko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea, eta hizkuntza hori jakitea ez da meritu gisa baloratzen ere.

Erabaki horren aurka zenbait helegite jarri ziren. Bertzalde, sinadura bilketa bat egin zen, bereziki liburutegietako erabiltzaileen artean, eta orohar herritarren artean. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sinadura horiek guztiak bildu eta Nafarroako Gobernuari nahiz Nafarroako Arartekoari helarazi zizkion.

Berriki Arartekoaren erantzuna jaso du Euskara Mankomunitateak. Bertan Francisco Javier Enériz Arartekoak azterketa zehatza egiten du, aurrekari guztiak kontuan izanda, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogorarazi dio Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legea (15. artikulua) bete behar duela, baita Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen 32/2002 Foru Legea (11.2 artikulua) ere.

Departamentu horri bi hilabeteko epea eman dio Arartekoak txostena egiteko, lege betebehar horiek betetzeko hartu behar dituen neurrien inguruan edo bertzela horiek ez onartzeko arrazoien inguruan.

Jakina denez, Nafarroako Arartekoak aipatutakoak gomendioak baizik ez dira, erakunde horrek ebatzitakoak ez baitira administrazioek nahitaez bete beharrekoak. Bitartean, liburutegietako arduradunen lanpostuak betetzeko prozedurak aitzinera segitzen du, Lehendakaritza, Justiza eta Barne Kontseilariak gora jotzeko helegiteetan prozedura eteteko egindako eskaerak baztertu baitzituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun