Funvera lantegiko LABeko sekzio sindikalak Berako enpresa zuzendaritzaren jarrera salatu du, “batipat langile batzuekiko duen jarrerangatik eta egindako kontratazio batzuetan hartu dituen kriterio batzuengatik”.
LABen erranetan, 47 langile kaleratu zituztenean, enpresak idatziz konpromezua hartu zuen, 2014 urte bitarte kontratazioak egin behar baziren, horiek kaleratutako langileen boltsatik eginen zituela. “Gure harridurarako –dio sindikatuaren oharrak– enpresak espediente horretan ez zeuden langile batzuk kontratatu ditu berriki, espediente horretan zeuden langile batzuk deitzekoak daudenean oraindik”. Afera horren inguruan galdetuta, enpresaren erantzuna “ez dutela langile hori enpresan eduki nahi” izan omen da erantzuna.
Gertakizun larriak dira hauek LAB sindikatuarendako, “gehiago kontutan edukitzen badugu Funverako zuzendaritzak langile bat diskriminatu duela arrazoi pertsonal eta ideologia sindikal nahiz politikoarengatik. Ozen erran nahi dugu enpresak marra gorria pasatu duela eta LABek ez duela onartuko langileoi aurpegira irri egiterik”.
Sindikatuak dio ez duela onartuko edozein langileekiko inolako bazterketarik, “gauza guzien gainetik pertsonak gara, gure bizitza eta duintasuna ditugunak, eta ez dugu onartuko handikeria bertzerik ez duten pertsonaia batzuk zakarra bezala erabiltzea, behar ez gaituenean zakarretara botaz”. Honenbertzez, enpresari atzera egitea exijitu dio LABek, “eta kontratazioak egin behar baditu kaleratutakoen artean egitea, eta beharrezkoa bada denak deitu ditzala”. Bazterketaren bat ikusten badute, behar den tokian egoera salatzen segituko duela ere jakinarazi du LABek.