Cornelia Lekuona Fundazioa kudeatzen duen patronatua prest dago Lesakako ikastolari eraikin berria egiteko lur sailak uzteko eta kontratu berri bat sinatzeko. Baina kontratu horretan ez dira sartuko gaur egun ikastolak ikastetxe bezala erabiltzen duen Otxogorrienea, ezta inguruko lur sailak ere. Horixe da Fundazioa kudeatzen duen patronatuak jarritako nahitaezko baldintza eta gainera, 25 urterako sinatu zen eta 2015ean bukatzekoa den kontratuaren bidez bi aldeek hartutako konpromiso guziak bukatutzat emanen lituzke «bere garaian Irain eskola publikoarekin egin zuen moduko» kontratu berriak.
Fundazioak, horrela, Otxogorrienea etxea bere egoitza bezala erabiliko luke, «gaur egun ez baitu egoitzarik» eta «bere fundazio-helburua betez, baita hezkuntza eta kultur ekintzetarako ere (kantua, dantza, musika…) erabiliko litzateke, Lesakan horretarako toki egokien beharra kontuan hartuz». Tantirumairuk, beraz, berritik eraiki beharko luke ikastola, fundazioko patronatuak egindako proposamenaren arabera.
Gogoratu behar da, Tantirumairuk Otxogorrienea eta inguruko lurrak erabiltzeko kontratua 30 urtez luzatzea eskatu zuela joan den urtean. Asmoa, «Otxogorrienea ondoan bertze eraikin xume bat egitea» dela aipatu zuten, lekua eskas gelditu baitzaie. Adibidez, egunero 52 haurrek bazkaltzen dute ikastolan eta sukaldea eta jangela ttiki gelditu zaie. Ikastolaren eskariarekin bat egin zuen azaroaren 27an udalak ahobatez. Kontratu luzapena, 2015eko Nafarroa Oinez herrian egiteko Nafarroako Ikastolen Elkarteak jarritako baldintza zen.
Patronatuaren proposamen berriak ezinegona sortu du ikastolako guraso eta irakasleen artean, baina erantzun bat aitzinerago emanen dute. Herriko kultur taldeek ere bilerak egin dituzte gaia lantzeko.