Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztiarraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskaintzea eskatuz idatzia sinatu zuten zerbitzu horren beharra duten hamabortz gurasok, baita Oinarrizko Jendarte Zerbitzuetako ordezkari politikoek eta teknikariak eta Osasun Zentruko pediatrak eta erizainak joan den urteko azaroaren 30ean. Eskutitza Osasunbideari eta Gizarte Ongizate Departamentuari helarazi zitzaion, arazoari lehenbailehen irteera ematea eskatuz.
Nafarroako Arartekoari ere zuzenean arazoaren berri emateko joan ziren abenduaren 22an Bortzirietatik Iruñera Patxiku Irisarri eta Jokin Apezetxea, mankomunitateko presidentea eta teknikaria, Belen Compains pediatra eta Begoña Arretxea gurasoa.
Martxoaren 16an, Arartekoak babesa eman zion bortziritarren eskariari, ebazpen bidez eta eskariari bi hilabeteko epean erantzuna emateko eskatu zion Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Epea bete eta erantzunik eman ez diola ikusiz, Francisco Javier Eneriz Nafarroako arartekoak berriz eskaria igorri du departamentura, gaia honen harira erakunde horretan egin denaz galdegiten.
Eskaria
Gaur egun, atentzio goiztiarraren baitan, logopedia eta estimulazio zerbitzuak eskaintzen dira Bortzirietan ANFAS erakundearen bidez, baina fisioterapia nahi duenak Iruñera joan beharra du. Ondorioz, errepideko arriskuaz gain, joan-etorrietarako zailtasunak daude eta horrek, fisioterapia-saioak gutxitzea ekartzen du. Gainera, joan-etorriak ordaintzeko dirulaguntzak kendu egin dira.
Bortzirietako Mankomunitateak, pediatrak eta gurasoek diotenez, legeak berak eskatzen du guttieneko zerbitzu hauek Nafarroa osoan norbere etxebizitzaren inguru hurbilean eskaintzea, atentzio pertsonalizatu eta integralaren bidez.
Bortzirietako bizilagunak gainerako nafarrekin konparatuta desberdintasun egoeran daudela salatu dute, izan ere fisioterapia zerbitzua ez da bakarrik Iruñean zentralizatua ematen, Lizarra eta Tuteraldekoek ere beraien herrietan hartzen baitute.
Horregatik, arazoa ezagutzera eman eta fisioterapia zerbitzua Bortzirietan ezartzea eskatzeaz gain, zenbait irtenbide ere proposatu dituzte, hori errazteko soluziobideak emanez. Errate baterako, dagoeneko logopedia eta estimulazio zerbitzuak Bortzirietan eskaintzen dituen ANFASi fisioterapeuta bat kontratatzeko baimena izanen litzateke aterabideetako bat, edo zerbitzua Lesakako Osasun Zentroan ematea baloratzea, edo dagoeneko haur fisioterapeuta batekin lan egiten duen Aspacerekin zerbitzua konzertatzea, edo, azkenik, fisioterapeuta Iruñetik Bortzirietara hurbiltzea.