Joan den ekainaren 5ean burutu zen Saloun Extreme Man proba gogorraren lehendabiziko edizioan parte hartu zuen Alejo Sarobe kirolari lesakarrak. Beti Gazte-lesaka.net taldeko triatletaren denboraldiko lehenbiziko Ironmana izan zen. Probaren irabazlea Olivier Marceau frantziarra izan zen, 9 ordu, 29 minutu eta 4 segunduko denborarekin. Lesakarrak, berriz, 12 ordu, 20 minutu eta 30 segundu behar izan zituen proba burutzeko.
Zehazki, igerian egindako 3,8 kilometroak osatzeko ordubete, 13 minutu eta 30 segundu behar izan zituen; bizikleta gainean egindako 180 kilometroentzat 6 ordu, 9 minutu eta 12 segundu eta proba bukatzeko lasterka egiten den maratoian 4 ordu, 39 minutu eta 20 segundu. Hain zuzen, arratsaldean egin zuen bero itogarriaren ondorioz, nahikoa lan izan zuen Sarobek lasterketako hondar 15 kilometroak bukatzeko.