Ikasturtea atzo hasi genuela ematen badu ere, bukaerara ailegatu gara. Eskolan abudo oporrak hartuko dituzte. Urtero bezala, oporren aitzinetik ekimen batzuk eginak dituzte baina oraindik ere eginen dituzte.
Maiatzean, Donostian, Lizarran eta Beiren kanpaldiak izan dituzte Igantzi, Etxalar, Bera eta Lesakako lagunekin. Ekainari begira jarriz, aste honetan hirugarren ziklokoak Zuazan ibili dira hiru egunez Bortzirietako gainerako herri eskoletako ikasleekin.
Heldu den astelehenean, ekainak 13, bigarren hezkuntzakoak Bartzelonara joanen dira ikasketa bukaerako ikasbidaian. Hilaren 19ra bitarte izanen dira Katalunia aldean.
Bertzalde, ortziral honetan, eskolan bertan ingelesezko ipuin kontalaria izanen da. Eta azkenik, ekainaren 21ean, ikasturte bukaerako txangoa eginen dute.