Berako EAJ-PNV eta Aralarrek ekainaren 11ko inbestidura-ekitaldirako akordioa lortu dute eta jeltzaleek Marisol Tabernaren aldeko boza emanen dute alkatetzarako. Halaxe jakinarazi zuen ekainaren 6an, Xanti Altzuguren PNVko zerrendaburuak. “Akordioa inbestidurarako izanen da eta trukean ez dugu deus nahi, ez batzorderik, ezta alkate ordetzarik ere. Aitzineko legealdian ere, EA, Aralar eta PNV bakoitza bere aldetik aurkeztu ginen, baina guk inbestiduran NABai bozkatu genuen. Aldi honetan, uste dugu NABAiren izpiritu horrekin bat egin behar dugula eta horregatik bozkatuko dugu Aralarren alde”.
Berako udal hauteskundeetan Bildu izan zen taldetik bozkatuena, 612 boturekin; Aralarrek 552 lortu zituen, baina biek launa zinegotzi eskuratu zituzten. PNVk 313 boto eta bi zinegotzi eskuratu zituen eta UPNk lortu zuen azken zinegotzia, 172 boturekin. PPNk ere aurkeztu zuen zerrenda hauteskundetara, baina 127 boturekin ez zuen ordezkaririk lortu.
Aralarrek joan den astean jakinarazi zuen Marisol Taberna alkatetzarako aurkezteko asmoa zuela, “ezkerreko gobernu abertzalea, irekia, herritar guziak aintzat hartuko dituena, herritarrak lehenetsiko dituena, eta elkarrizketa oinarri izanen duena” osatzeko. Jon Abril, Aralarko zinegotziak aipatu digunez, “elkarrizketak izan ditugu bai Bildu eta bai PNVrekin, eta biek zuten gure asmoen berri. PNVk inbestiduran bere babesa emanen digula aipatu digu, baina ez dugu programan akordiorik. Bilduri ere batzordetan-eta partehartzeko proposamena egin diogu, baina hasiera batean oposizioan egonen direla dirudi”.
Hain zuzen, Joxe Mari Telletxea Bilduko zerrendaburuak horixe aipatu digu, aste honetan eginen dituzten bileren emaitzaren esperoan, oposizioan egoteko asmoa dutela. PNVren jarrera salatu dute, “Herriko Etxeko batzordetan lanik ez dutela eginen erran eta bere botua talderik bozkatuena alkatetzatik kentzeko erabiliko dutelako, soil-soilik”. Aralarren jarrera ere kontraesankorra dela uste du Telletxeak, “ezkerreko gobernu abertzalea osatu nahi duela erran eta gero PNVrekin elkar hartzen duelako, alkatetza lortzeko. Guk elkarlanerako proposamena egin genien, udalean batera lan egiteko, baina bertze alde batetik jo dute”.
Pintadak
Astelehen goizaldean, Berako Herriko Etxeko paretean hainbat pintada agertu ziren. “Zikinak kanpora”, “Alkatetza ez da oparia, merezitu behar da”, “Udaletik lapurrak kanpora”, eta “Otsango alkate, herriak aukeratua” zioten. Eguerdirako udal langileek ezabatuak zituzten margoketak. Aralar, PNV eta Bilduko kideek ez dute sakoneko baloraziorik egin nahi izan.