Lesakako San Fermin elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainerako

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 1a

Hilaren 9an Milagrora joanen dira eta 24ean San Juan Xarrera

Lesakako San Fermin erretiratuen elkartea ekainaren 9an Milagrora joanen da. 08:00etan abiatuko da autobusa Lesakatik eta bidean gosaldu ondotik, Milagro herria eta azoka bisitatuko dute. Ondotik, Kadereita bisitatu eta bertan bazkalduko dute eta herrira bueltan Erriberri (Olite) ere ikusiko dute. Txartelak 30 eurotan salgai daude eta ekainaren 1a izanen da erosteko hondar eguna.

Bertzetik, ekainaren 6an mus txapelketa, ekainaren 7an seien txapelketa eta ekainaren 8an despiste txapelketa jokatuko dira, 18:00etatik aitzinera egoitzan. Ekainaren 10ean, berriz, toka, igela eta bolo txapelketak jokatuko dituzte erretiratuek, 18:00etatik aitzinera. Ondotik, afari-berendua izanen da partehartzaileentzat.

 

San Juan Xarrera

San Juan Xarrera ibilaldia ere egitekotan dira San Fermin elkartekoak ekainaren 24ean. Oinez doazenak 09:00etan abiatuko dira egoitzatik eta hameketakoa ere izanen dute ohiko lekuan. Autobusean doazenak berriz, 11:00etan aterako dira plazatik, San Juan Xarreko mezara joateko. Gero bazkaria izanen dute Arantzako Burlada jatetxean honako menuarekin: sarrerako hotz eta beroak, arrain zopa, ahate deliziak, bildots errea entsaladarekin, tarta eta izozkia. Txartelak 28 eurotan eskuratzen ahal dira ekainaren 16ra arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun