Berako Kultur etxean ekainaren 5ean, igandea, eskainiko dute 17:00etan Lesakako Musika Bandakoek kontzertu didaktikoa. Proiektu berriak antolatzen ari dira eta igandeko kontzertua horietako bat izanen da. Franco Cesarini konposatzaile italiarraren Tom Sawyer lanean oinarriturik, Bortzirietako haur hezkuntzako ikasleentzako kontzertua prestatu dute.
Musika lagun, piratei buruzko istorio bat kontatuko dute. Kontalari lantean Ricardo Abril eta Gaizka Sarasola izanen dira. Emanaldian zehar banda osatzen duen instrumentu talde bakoitza istorioan eta musikan nabarmenduz joanen da. Haurrak musikaren mundura hurbiltzea eta musika tresna desberdinak ezagutzea da helburua. Kontzertuarekin lotuta Bortzirietako ikastetxeetan gaia lantzen egon dira prestatu zaien unitate didaktikoaren laguntzarekin.
Ez da hau Lesakako musika bandak prestatu duen proiektu berezi bakarra. Gabonetan filmen musika eta irudia uztartuz emanaldi berezia egin baitzuten. San Ferminei begira ere ari dira emanaldi berria prestatzen euskal musika tresna desberdinak bandarekin lotuko dituen kontzertua bertzeak bertze.