LAB sindikatuko kideek Lesakako Arrano Elkartean egin dute ekainaren 4ean, larunbata, Lesakan eginen den 'Guk Independentzia!' aldarrikapen egunerako deialdia. LABeko kideek salatu dute eskualden krisi ekonomikoak izugarrizko eragina izan duela eta egoera benetan zaila dela langileentzat.
Lan eta pentsioen erreformak eragin dituen kalteak salatu dituzte. “Enpresariei nahi dutena egiteko bidea ematen die horrek”. Horrez gain “orain negoziazio kolektiboaren erreforma negoziatzen ari dira eta langileek daukagun tresna garratzitsuenetako bat indargabetzen saiatuko dira” gaineratu dute.
Salatu dute Nafarroako eta Espainiako Gobernuak ez dutela ezer ere egin langileen egoera hobetzeko. “Murrizketak bakarrik heldu zaizkigu eta hauekin moztu behar dugu gure herria ezkerretik eraikitzen hasteko”.
Hori aldarrikatzeko, heldu den ekainaren 4an, larunbata, egun osoko egitaraua prestatu dute Lesakan ‘Guk independentzia!’ lelopean. Goizeko 11etan mahai ingurua izanen da Ainhoa Etxaider LABeko idazkari nagusiarekin, sindikatuaren eta, oro har, langileen erronkei buruz. Eguerdiko ordu batetan ekitaldia izanen dute Lesakako plazan eta, ondotik, 14:30ean, bazkaria jubilatuen arkupetan. Bazkarirako izen ematea Lesakako Arranon edo LABek Bera eta Elizondon dituen egoitzetan egin daiteke.