Lesakan EAJ-PNVk galdu egin du historikoki izan duen nagusitasuna eta Bildu gailendu da bai Parlamenturako zein udalerako bozetan. Hartara, Bilduk 6 zinegotzi izanen ditu agintaldi berrian eta EAJ-PNVk 5. Hurrengo alkatea, beraz, Bilduko Pello Etxabide izanen da.
Beran ere Bilduk lortu du nagusigoa bai Parlamenturako zein udalerako bozetan. Udalerako, ordea, zinegotzi kopuru berdina eskuratu du Aralarrek ere 60 boto gutigorrekin. EAJ-PNVk aurreko agintaldian zituen 2 zinegotziei eutsi egin dio eta lehen aldiz aurkezten zen UPNk lortu du zinegotzi bat. Eta, ageri denez, ekainaren 11n litekeena da Aralarreko Marisol Taberna izatea alkate EAJ-PNVren botoekin.
Etxalarren, 5 zerrenda aurkeztu dira udalerako eta bakarrik hiruk lortu dute zinegotziren bat: Herri Taldeak 3 zinegotzi (205 boto), Independienteek 3 zinegotzi (160 boto) eta Etxalar Aitzinerak zinegotzi bat (98 boto). UPNk eta PPNk ez dute zinegotzirik lortu. Parlamenturako hauteskundeetan, aldiz, Bilduk eskuratu du gehiengoa eta bigarren indarra NaBai izan da.
Arantzan eta Igantzin talde bakarra aurkeztu denez Udalerako, jakina da zein izanen diren agintaldi berriko alkateak: Jaime Iturria (Bildu) Arantzan eta Mª Lourdes Ibarluzea (Herri Taldea) Igantzin. Parlamentuko datuei dagokionez, bai Arantzan zein Igantzin Bildu nagusitu da.