Arkupeak elkarteak urteroko gimnasia besta egin zuen apirilaren 28an Berako Toki Ona kiroldegian. Guztira 72 kirolari bildu ziren, Bera, Leitza, Goizueta, Elizondo, Sunbilla, Doneztebe eta Urdazubitik etorritakoak.
Jabier eta Patxi Larralde Arizkungo atta-seme txistulariak aitzinean zituztela aurkezpen kalejira egin zuten hasteko, eta ondotik etorri ziren taldeen kirol saioak banan bana, Berakoak Nerea Varela monitorearekin eta gainerakoak Patxi Chocarrorekin. Egunari segida emateko, 250 lagunek Zubiondo jatetxean bazkaldu zuten.