Goizeko bederatziak aldera istripua izan da Beran, Bidasoa karrikako biribilgunean. Kamioi batek 77 urteko N.I.H. izeneko emakumea harrapatu du errepidearen bazterretik zebilenean eta kamioiaren aitzineko gurpilen artean harrapaturik geratu da. Larrialdi zerbitzuak eta Oronozko Suhiltzaileak berehala bertaratu dira emakumea artatzera eta tresna neumatiko batekin kamioia altxatu ondotik lortu dute emakumea ateratzea.
Lesakako Osasun Zentrotik medikua eta erizaina bertaratu dira berehala, baita anbulantzia ere, baina azkartasunagatik, helikopteroz eraman dute azkenean Donostia Ospitalera. Emakumeak ez du inongo momentuan konorterik galdu eta zauri larriak ditu hanketan. Ospitaletik adierazi dutenez, egoera larrian dago.
Nafarroako Foru Polizia gertatutakoa ikertzen ari da.