Zalaingo Joxe Mari Mitxelenak atera du 'Lehenbizikoa'

Aitor AROTZENA 2011ko mai. 2a, 09:41
6,400 kiloko eta 84 zentrimetro luzerako izokin ar basatia atera zuen maiatzaren 1eko goizeko 09:30ean. Aitor Arotzena

Arrantza sasoia irekitzen zen egunean, maiatzaren 1ean atera zuen 6,400 kiloko izokina

Bidasoko Lehenbiziko Izokina ateratzeko ez da aunitzik esperatu behar izan. Hondarribitarra sortzez, baina aspaldiko urteetan Berako Zalain auzoan bizi den Joxe Mari Mitxelena Urrestarazu arrantzaleak 6,400 kiloko pisua eta 84 zentimetroko luzera zuen izokin arra eta basatia (errepoblaziorako izokinei egiten zaien markarik gabekoa) atera zuen arrantza denboraldia irekitzen zen egunean, maiatzaren 1ean, 09:15ean.

Bidasoko Lehenbiziko Izokina ateratzeko ez da aunitzik esperatu behar izan. Hondarribitarra sortzez, baina aspaldiko urteetan Berako Zalain auzoan bizi den Joxe Mari Mitxelena Urrestarazu arrantzaleak 6,400 kiloko pisua eta 84 zentimetroko luzera zuen izokin arra eta basatia (errepoblaziorako izokinei egiten zaien markarik gabekoa) atera zuen arrantza denboraldia irekitzen zen egunean, maiatzaren 1ean, 09:15ean.

Mitxelenarentzat hirugarren Lehenbizikoa izan da aurtengoa. Urte horietako batean, lehenbiziko izokina atera ondotik bigarrena ere ateratzeko punttuan izan zen. Mitxelenak aipatu digunez, “bixtaratua nuen eta Herri Urrats eguna zen. Familia Senperera joan zen, baina nik sasoiko bigarrena ateratzen saiatu behar nuela pentsatu nuen. Amuan hartu ere hartu nuen, baina eskapatu egin zen. Beraz, izokin eta Herri Urratsik gabe gelditu nintzen”.

Igande goizean lehen orduan hasi zen arrantzan Mitxelena, 08:30 aldera, eskailera inguruan. “Ura kixkurtua zebilen eta lehen trepa aldera jautsi nintzen, presa eta Artxabal artean, eta hantxe harrapatu dut” zioen urduri ale ederra erakutsiz, Ingurumen Departamentuko guardak pisatzera eta neurtzera etorri bitartean zain zegoela. Bidai pare bat ere egin zuen etxera, izokina familiari erakusteko.

Maitzaren 1ean ireki da denboraldia eta arrantzale aunitz ikus zitezkeen Endarlatsa inguruan, bere txandaren esperoan. Izan ere, postu bakoitzean hogei bat minutuz aritzen dira txanda bakoitzean eta txistu batekin ematen dute txanda aldaketaren abixua. Juan Otamendi, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidenteak aipatu zigunez, “goizean goizetik 25-30 bat arrantzale zeuden errekan esperoan”. Otamendik berak eta Fermin Martinez Martiarena idazkariak eman zioten Lehenbizikoaren garaikurra Joxe Mari Mitxelenari.

 

Igeldoko Rekondo jatetxera

Gainera, izokinarentzako eroslea ere topatua zuen. Hain zuzen, Igeldoko Rekondo jatetxeko Txomin Rekondo Endarlatsan zegoen, bera ere izokin arrantzalea baita. “Bidasoan urteak daramazkit arrantzan eta Asturiasera ere joan izan naiz lagunekin” zioen. Duela bi urte Iruñeko Hartza jatetxeak monopolizatzen zuen Bidasoko lehenbiziko izokinaren erosketa, baina duela bi urte itxi zen. Iaz Donostiako Urola jatetxeak eskuratu zuen eta aurten Igeldora joanen da izokina. “2.000 bat euro ordainduko dut, baina ea Mitxelenak deskuento txiki bat egiten nauen bazkari baten truke” zioen Rekondok. Izokina modu aunitzetara prestatzen ahal dela ere aipatu zigun, “denak goxoak”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun