Apirilaren 17an jokatu zen Manttale Mendi lasterketa taldeak antolatutako Berako VII. Mendi Maratoi Erdia. Didier Zagok eta Oihana Kortazarrek irabazi zuten eta biek beraien kategorietako marka berriak ezarri zituzten. Zagok 01:38:11eko denbora egin zuen eta Oier Ariznabarretak eta Walter Becerrak osatu zuten podiuma. Laugarren postua Oargi Mendi Taldean ari den Fernando Etxegarai beratarrarentzat izan zen, Manttaleko Unai Santamaria hernaniarra hamabosgarren izan zen eta Leitzgain taldeko Iñigo Lasaga etxalartarra hogeitabigarren.
Emakumeen kategorian Kortazarren gibeletik sartu ziren helmugan Nuria Domingez eta Izaskun Zubizarreta. Kortazar elgetarrak bere bigarren garaipena du hau Beran jokatzen den lasterketa honetan, 02:04:35eko denborarekin. 2009an irabazi zuen eta iaz ez zuen parte hartzerik izan, haurdun zegoelako.
Gizonezkoen mailako irabazleak 2010ean egindako marka (01:40:02) hobetu zuen. Horrela, 300 euro gehiago ere eskuratu zituen. Ibardingo saria Ariznabarretarekin banatu zuen. Hirugarren aldiz irabazi du Zagok Berako Mendi Maratoi Erdia.
21 kilometro eta 2.700 metroko desnibela zuen ibilbidea egin behar izan zuten, Larun puntu altuena zutelarik. 513 korrikalarik parte hartu zuten Mendi Maratoi Erdian, eta hauetatik 481 iritsi ziren helmugara.
Taldekakoan Manttale bigarren
Nafarroako klub arteko txapelketa ere erabaki zen Berako lasterketan. Iaz egin zen lehenbiziko aldiz lasterketa hau eta Manttalekoak txapeldun suertatu ziren Lakuntzan. Baina etxean ezin izan zuten garaipena errepikatu eta taldeka Aralar Mendi Taldea izan zen nagusi, Manttale eta Txurregiren aurretik. Aipatzekoa da Martikoren 25. urteurrena dela eta sari berezia eskaini zuela enpresa honek. Sari hori Josean Beledo Lomarentzat izan zen
Lasterketa ikustera hurbildu zirenek eguraldia lagun izan zuten eta ez zuten proba gozatu ahal izateko inolako arazorik izan.
Sailkapen osoa www.manttale.com helbidean ikus daiteke.
DATUA
01:38:11
DENBORA
horixe behar izan zuen Didier Zagok apirilaren 17an Berako Mendi Maratoi erdia bukatzeko. Marka berria ezarri du.