Primeran joan dira Udaberriko Bestak

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 26a

Gisa guztietako puskak atera zituzten herritarrek merkatuan. Oskar TXOPERENA

Merkatuaren balorazio ona egin dute antolatzaileek

Zortzigarren urtez ja­rraian, Euskara Batzordeak Udaberriko Bestak antolatu zituen­ apirilaren 15, 16 eta 17rako. Ekitaldiak ez ziren ongi hasi, izan ere apirilaren 15erako antolatua zen bertso afaria ez zen egin, jende guttik izen eman zuelakoz. Larunbatean, berriz, eguraldia lagun, primeran atera zen haur eta gurasoen mendi irteera. 10:00etan plazatik abiatu eta Isatsandiko luberriraino joan ziren 25 bat lagun. Gosaldu eta eguer­di­ra­ko herrian ziren bueltan. Arratsaldean, eskolan hainbat ekitaldi izan ziren. Ikasleek eskolan egindako hainbat lan erakutsi­ zituzten eta bukatzeko, hirugarren ziklo­koek ber­tso ipuinak an­tzeztu zituzten. Izan ere, aurten ikasturte guztian ber­tsolaritza lan­tzen ari dira Estitxu Aro­tze­na­re­kin.

Eskertza

Aurten, hirugarren aldiz, etxeko produktuekin eta bigarren eskuko puskekin osatutako merkatua antolatu du ba­tzordeak. Kasu honetan, bildutako dirua herriko dantza taldearentzat izan da. Ai­tzineko bi edizioak hagitz arrakastatsuak izan dira, eta hirugarren hone­taz ere gauza bera erran behar da. Goizetik hasita, txistulariek herriari buelta eman zioten, he­rritarrak girotzeko. Eguer­di aldera dantzari ttikienek saio bat eskaini zuten, eta arratsaldean he­rriko trikitilari eta pandero joleak aritu ziren.

Anto­latzaileak hagitz kontent agertu dira merkatuaren emaitzekin. Hasteko, antolaketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: aitzinetik etxez etxe puskak biltzen nahiz egun berean merkatua prestatzen, saltzen eta biltzen aritu diren guz­tiei, eta opilak egin dituz­tenei. Etxean egin­dako produktuak eta gainerako puskak musutruk eman dituzten herritarrei­ eta herriko os­tatuei (zoz­ke­tarako eman dituzten otor­duengatik) ere eske­rrik beroenak eman nahi izan dizkiete: «urtetik urtera errazagoa izaten ari da merkatu hau antolatzea, preziski denek duten borondateagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun