Lesakako Zerbitzuen Elkarteak udalaren laguntzaz igande honetarako antolatutako Udaberriko Azokan espero baino jende guttiago ibili zen. Igande goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00etara zabalik izan ziren frontoiko ateak eta euro bateko sarreraren truke, prezio horretako kontsumizioa hartzen ahal zen Haizea kafetegian eta Atxaspi eta Kattu ostatuetan. Baina kanpoan eguraldi argi eta ederra egiten zuen eta horrek ez zuen gonbidatzen frontoiko iluntasunera sartzen. Horretaz gain, hainbat ekitaldi batera suertatu ziren apirilaren 17an: Udaberriko bestak Igantzin, Mendi Maratoi Erdia Beran, Korrikaren bukaera Donostian… Horrek ere jendea kendu zuela uste du Lesakako Zerbitzuen Elkarteak eta lehenbiziko bi edizioetan baino sarrera guttiago izan zirela onartu du.
Aurtengoan, 12 komertziok hartu dute parte Udaberriko Azokan beraien produktuak eskainiz: Intzuri optika, Oreka dietetika-nutrizioa, Kattagorria mertzeria-lentzeria, Germa Igarzabal estetika, Oninart jantzi boutiquea, Bixkiak arropadenda, Panpina haur arropadenda, Telletxea argazkigintza, Ordoki altzariak, Txinelka zapatadenda, Ortzadar arropadenda eta Maite Igarzabal ileapaindegia.