Zortzigarren urtez segidan, Igantziko Euskara Batzordeak Udaberriko Bestak antolatu zituen apirilaren 15, 16 eta 17rako. Ekitaldiak ez ziren ongi hasi, izan ere ortziralerako antolatua zen bertso afaria ez zen egin, jende guttik izen eman zuelakoz, baina hortik aitzinera, ezin hobe joan zen egitaraua, eguraldi bikaina lagun.
Larunbatean, berriz, eguraldia lagun, primeran atera zen haur eta gurasoen mendi irteera. Goizeko 10:00etan plazatik abiatu eta Isatsandiko luberriraino joan ziren 25 bat haur eta guraso. Bertan gosaldu eta eguerdirako herrian ziren bueltan. Arratsaldean, eskolan hainbat ekitaldi izan ziren. Ikasleek eskolan egindako hainbat lan erakutsi zituzten (logotipoak, argazkiak, dinosauroen maketa...) eta bukatzeko, hirugarren ziklokoek bertso ipuinak antzeztu zituzten. Izan ere, aurten ikasturte guztian bertsolaritza lantzen ari dira, Estitxu Arozena irakasle dutela.
Eskertza
Aurten, hirugarren aldiz, etxeko produktuekin eta bigarren eskuko puskekin osatutako merkatua antolatu du batzordeak. Kasu honetan, bildutako dirua herriko dantza taldearentzat izan da (arropa berritzeko, behar dituzten tresnak erosteko, etab...). Aitzineko bi edizioak hagitz arrakastatsuak izan dira, eta hirugarren honetaz ere gauza bera erran behar da.
Goizetik hasita, txistulariek herrian buelta eman zuten, herritarrak girotzeko. Eguerdi aldera dantzari ttikienek saio bat eskaini zuten, eta arratsaldean herriko trikitilari eta pandero joleak aritu ziren.
Antolatzaileak hagitz kontent agertu dira merkatuaren emaitzekin. Hasteko, antolaketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: aitzinetik etxez etxe puskak biltzen nahiz egun berean merkatua prestatzen, saltzen eta biltzen aritu diren guztiei, eta opilak egin dituztenei. Nola ez, etxean egindako produktuak eta gainerako puskak musutruk eman dituzten herritarrei eta herriko ostatuei (zozketarako eman dituzten otorduengatik) ere eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete; urtetik urtera errazagoa izaten ari da merkatu hau antolatzea, preziski denek duten borondatearengatik.