Maiatzaren 1ean ohiko ibilaldi arautua antolatu du Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak. Goizeko 09:30etik aitzinera izen eman eta 10:00etan abiatuko dira lehenbiziko partehartzaileak erretiratuen egoitzatik. Landazelaitik fabrikako errepidera aterakodira eta Osasun Zentrua, parkea, Sumusa, Kastillobaita, Irubide, eta Martxanpaitan barna Txakaingo iturriraino joan ondotik, Matxitenea, Lizardibaitako zubia, Eroski eta Plaza Zaharran barna bueltatuko dira egoitzako helmugara. Segidan, hameketakoa izanen da bazkideentzat.
Egun berean, Ama eta Amatxien Eguneko bazkaria ere egitekoa zuten erretiratuek. Baina Carmelo Etxarte presidenteak aipatu digunez, egun horretan bertzelako ospakizunak izaten direla-eta, ez da jende nahikorik apuntatu eta bertan behera gelditu da ospakizuna.
Erriberara ateraldia
Maiatzaren 19an Erriberara ateraldia ere antolatu du Lesakako Erretiratuen Elkarteak. Goizeko 08:00etan abiatuko dira Lesakatik eta bidean gosaldu ondotik, Lizarra bixitatuko dute eta egun horretan azoka izaten dela ere aprobetxatuko dute. Handik Barindanora joko dute eta Urederraren sorbururaino txangoa eginen dute. Bazkal ondotik, Urbasa eta Altsasun barna Lesakara bueltatuko dira. Bidai honetarako eta egun horretako bazkarirako txartelak 20 eurotan salgai jarriko dira apirilaren 30etik maiatzaren 15era. Dena den, aitzinetik autobuseko lekuak betetzen badira, orduan itxiko da izen emate epea.
Elikadura solasgai
Bertze aldetik, maiatzaren 24 eta 25ean, elikadurari buruzko solasaldiak antolatu ditu San Ferminek, Sandra Legasa dietistaren eskutik. 17:00etatik 18:00etara eginen dira saioak egoitzan. Bertan parte hartzeko interesa dutenek lehenbailehen eman beharko diote izena ostatuko arduradunari.