Udaberriko bestak asteburu honetan ospatuko dira Igantzin

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 14a

Igandeko azokaren helburua dantza taldearentzat dirua biltzea izanen da. Oskar Txoperena

Ortziral arratseko bertso afariarekin abiatuko dira eta igandean dantza taldearentzat dirua biltzeko azoka eginen da

Igantziko Euskara Batzordeak antolatutako Udaberriko bestak ospatuko dira asteburu honetan, apirilaren 15etik 17ra. Ortziralean Julen Zelaieta eta Itturrirekin eginen den bertso afariarekin hasi eta igandeko azokarekin akautuko dira.

Igantziko Euskara Batzordeak antolatutako Udaberriko bestak ospatuko dira asteburu honetan, apirilaren 15etik 17ra.

Apirilaren 15ean, ortziral arratseko 21:00etan bertso afaria izanen da Igantziko Biltokin Julen Zelaieta eta Ander Fuentes Itturri bertsolariekin. Biltokiko bazkideek 25 euro eta gainerakoek 27 euro ordaindu beharko dute.

Apirilaren 16an, larunbat goizeko 10:00etan mendi irteera eginen da haur eta gurasoentzako. Bakoitzak bere gosaria eraman beharko du. Plazatik atera eta eguerdirako itzuliko dira. 17:30ean Eskolako haurren emanaldia izanen da eskolan. Bi orduz, ikasleek egindako eskolako logotipoen erakusketa, 2. zikloko ikasleen argazki erakusketa, 1. mailako ikasleek egindako dinosauroen erakusketa eta 3. zikloko ikasleen bertso ipuin antzeztuakizanen dira. Txanogorritxo eta Martixio asmatzailea bertso ipuinak antzeztuko dituzte.

Apirilaren 17an, igande goizeko 10:30ean Karrika buelta eginen da herriko txistulariekin. 11:00etatik 19:00etara azoka izanen da frontoian eta aurtengo helburua herriko dantza taldearentzako dirua biltzea izanen da. 12:00etan herriko dantzarien saioa izanen da. Bazkalondoan, 16:30 aldera herriko trikitilariek saioa eskainiko dute eta 17:00etan opilak banatuko dira.

Aipatzekoa da asteburu osoan Santiago Jorge margolariaren erakusketa izanen dela ikusgai Baratzondon, larunbatean 19:00etatik 21:30 arte eta igandean 11:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 19:00ak arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun