Manttale Mendi Lasterketa Taldeak dena prest du igande honetan, apirilak 17, eginen den Berako Mendi Maratoi Erdirako. Aurtengoa zazpigarren edizioa izanen da, eta aldi berean, Nafarroako Mendizale Federazioan izena emana duten taldeentzat, Taldeen Arteko Nafarroako Txapelketa izanen da. Iaz egin zen lehen aldiz txapelketa hau eta orduan Man-ttale izan zen garaile.
Ohi bezala, ibilbideak 2.714,60 metroko desnibela izanen du eta 21,15 kilometroko luzera, horietatik 9,72 kilometro goiti eta 10,96 beheiti. Ibilbideko puntu gorena Larungo kaxkoa izanen da (900,40 metro) eta baxuena irteera eta helmuga puntuak: Berako herria (31,90 metro).
Aurtengoan parte-hartzaileen kopuruan marka ezarriko da: 530 lagun espero baitituzte Beran. Martxoaren 14an korrikalarien esku jarri ziren 450 dortsalak hiru orduz agortu ziren eta Manttalek bertze 80 gorde ditu korrikalari hoberexkoenak gonbidatze-ko. Guziak emanak dira. Gainera 150 lagun daude txandaren esperoan, azken orduan norbaitek parte-hartzerik izanen ez balu, lekua hartzeko. Korrikalarien artean, joan den urteko senior eta beteranoetako emakumezko nahiz gizonezko podiumetan izan ziren 12 korrikalariak daude. Horrez gain, Espainiako mendi lasterketa txapelketan hirugarren izan den Nuria Dominguez. Azken orduko aldaketarik ez bada, 45 izanen dira eskualdekoak: 13 beratar, 7 saratar, 6 lesakar, 4 leitzar, hiruna aranztar, doneztebar eta etxalartar eta Irurita, Erratzu, Aniz, Urdazubi, Igantzi eta Arraiozko bana.
DORTSALEN BANAKETA ETA IBILBIDEA
Dortsalak banatzen bezperan hasiko dira, apirilak 16. 17:00etatik 18:00etara kiroldegian banatuko dituzte, baita lasterketa egunean ere, 08:00etatik 09:00etara. Lasterketa, berriz, 09:30ean abiatuko da kiroldegitik eta zazpi hornidura puntu izanen dira. Horrez gain, erretiratzeko hiru gune ere bai: Ibardin (6. kilometroa), Usategieta (10. kilometroa) eta Landagaineta (17. kilometroa). Antolatzaileek lehen lasterkaria 11:10 aldera ailegatuko dela aurreikusi dute eta azken sailkatuak 12:50erako helmugan egon beharko du. Lasterketa amaitzean, 13:30 aldera, sari banaketa eta oparien zozketa eginen dira, eta luntxa ere izanen da. Dena ongi ateratzeko 150 lagun ariko dira lanean lasterketa egunean.
PALMARESA
Berako Mendi Maratoi Erdia egin den sei edizioetan hainbat txapeldun izan dira: emakumezkoetan, erraterako, Alizia Olazabalek lau aldiz irabazi du (2006, 2007, 2008 eta 2010), Oihana Kortazarrek behin (2009), Sonia Aragonek bezalaxe (2005). Gizonezkoetan, berriz, Didier Zagok irabazi du azken bi edizioetan; Fernando Etxegarai beratarrak ere bitan irabazi du, 2005ean eta 2008ean, eta Ionut Zinkak ere bi aldiz, 2006an eta 2007an.
SARIAK
Gizonezko seniorretan sari hauek banatuko dira:
• 1. sailkatua: 300 euro, trofeoa eta txapela.
• 2.: 200 euro eta trofeoa.
•3.: 150 euro eta trofeoa.
• 4.: 125 euro eta trofeoa.
• 5.: 100 euro eta trofeoa.
Senior emakumezkoetan hauek izanen dira sariak:
• 1. sailkatua: 250 euro, txapela eta trofeoa.
• 2.: 150 euro eta trofeoa.
• 3.: 100 euro eta trofeoa.
• 4.: 75 euro eta trofeoa.
• 5.: 50 euro eta treofeoa.
Gizonezko eta emakumezko helduetan sari gehiago ere banatuko dira:
• 1. sailkatua: trofeoa eta txapela.
• 2.: trofeoa.
• 3.: trofeoa.
Bertzalde, 2009an Didier Zagok ezarritako marka (01:40:19) hobetzen duen korrikalariak 300 euroko aparteko saria hartuko du eta Ibardingo tarteko helmugatik (6. kilometroa) lehendabizi pasatzen duenak 150 euroko saria jasoko du. Hori bai, sari hau eskuratzeko, helmugara ailegatu beharko da. Helmugan 25. postua eskuratzen duenak ere sari berezia izanen du, hain zuzen, Martiko enpresak emana, sortu zela 25 urte bete direla gogoratuz.
Ateraldiak lasterketa ikusteko
Jendeak Maratoi Erdia hurbiletik segitzeko, mendi irteerak ere eginen dira. Horietako bat 09:00etan abiatuko da kiroldegitik eta Usategietara joanen da, eta bertzea, 08:30ean aterako da Larungo kaskora joateko.