Irisarri jauregiaren inguruan Igantziko Harrobiak egin nahi duen turismo eta aisialdirako gunearen egitasmoari buruzko xehetasun gehiago jakin ditu TTIPI-TTAPAk.
Horren arabera, Harrobiak lau eremutan banatua du proposamena. Alde batetik, Bekoborda eta ondoan dagoen nekazaritzako eta abeltzaintzako nabean, indoor jarduerak egiteko zentroa eta taldeentzako alojamenduak eraikitzea da asmoa, bere aparkalekuarekin.
Bigarren eremuak Irisarri jauregia eta ondoko erakinak hartuko lituzke. Hemen, apartamentu-hotela eta enpresa eta familientzako jarduerak eskainiko lituzkete eta horretarako, jauregia zaharberrituko luke Harrobiak –baliteke haunditu behar izatea– eta turismo eta aisialdi jardueretarako eraikin ttiki bat egin ere bai. Horrez gain, sakabanatutako zortzi alojamendu ere eginen lirateke, baita 40 ibilgailurentzat aparkalekua egokitu ere.
Hirugarren zatia lur eremuaren hegoaldekoa izanen litzateke. Sakabanatutako hotel-apartamentua egin nahi du Harrobiak hemen, eta bertzelako hainbat jarduera ere bai.
Laugarren eremuak, berriz, nekazaritza eta abeltzaintzako bertze nabearen ingurua hartuko luke.