Gure mugaz gaindi ibili zen portugaldarren kontrabandoa aztergai

Aitor AROTZENA 2011ko apirilaren 11

Rosa Arburua historia irakasleak kontrabandoari buruzko hainbat ikerlan egin ditu. Aitor AROTZENA

Irungo Jose Antonio Loidi beka irabazi du Toki-Ona institutuan irakasle den ikerlariak

Gurasoak etxalartarrak izanik, kontrabandoaren aditzea ttikitatik du Rosa Arburuak. Gai hori landu zuen 1940-1960 Bortzirietako Gaztiak liburuaren kapitulu batean eta gaiari buruzko monografikoa argitaratzekotan dauka udaran, Nafarroa osoko datuak erromatarren garaitik honat bilduz. Orain, kontrabandoaren alderik gordinena aztertzen ari da, pertsonena, eta zehazki, XX. mendearen bigarren erdian milioi bat inguru portugaldar gure mugetan gaindi Frantziarako bidean eraman zituen kontrabandoarena.

ESALDIA

«Errekan ito edo mendian “hildako” portugaldarren kasu larriak badira»

BALDINTZAK

«Pasaportea izanez gero, legalki alde egiterik bazeukaten, baina pasaportea lortzea hagitz zaila zuten. Nekazari izateagatik bakarrik ez zuten pasaporterik izaten ahal eta bertze baldintza batzuk ezin ziren bete. Baldintza bat alfabetatua izatea zen, eta garai hartan portugaldarren gehiengoa alfabetatu gabea zen».

JATORRIA

«Nekazaritza mundukoak ziren aunitz, baina baita eskulangileak ere, arotzak… Bertze talde minoritarioa politikan sartua zegoen jendearena zen, emigrazio ideologikoa».

«Gaia ixilpekoa da, pasatu ziren bezain ixilpekoa». Hala dio Rosa Arburua Goienetxek, XX. mendearen erdialdean Portugaletik Frantzialdera ihesean joan zirenen kontrabandoaz ari denean. Gai hau lan tzen ari da Filosofia eta Hezkuntz Zientzietan doktorea eta Berako Toki Ona Institutuan Historia irakaslea denak eta Irungo José Antonio Loidi beka irabazi du Euskal Herriko mugaz gaineko portuges pasan izenburuko lana gauza tzeko. Nolabait, kontrabandoaren alderik ilunenaz, gordinenaz ari da. «Kontrabandistek bertze alaitasun batekin solasten dute kontrabandoari buruz, baina honetan… jendeaz, pertsonen kontrabandoaz ari gara, eta hori ez da kobrearekin, puntillekin, aziendekin edo tabakoarekin ari tzea bezala». Horregatik zail egin zaio gaiaz solasteko prest dagoen mugalariak topatzea.«Gaur egun, kontrabandoaz solasteko ez da arazorik izaten normalean –aipatu digu Arburuak–, baina ni ikertzen hasi nintzenean, ez pentsa! Orain jendea askatu da eta solasten du, medioetan atera da… Baina jendea pasatzearena komentatzen duzunean, normalean ez dute solastu nahi, zaila da kontaktuak egitea… Horregatik nahiago dut izen-abizenik ez eman». Baina ixilpekoa izanagatik, historia hau gertatu zen eta horregatik jakin eta plazaratu behar dela uste du Arburuak. «Klandestinoa zenez zaila da kalkulatzea, baina Portugaletik 900.000-1.000.000 per tsona atera zirela eta Europa aldera joan zirela kalkulatzen da. Horrela dio Victor Pereira ikerlariak. Gehiengoa Frantziara joan zen. Gehiengo horretatik gehien goa ixilpean eta horietatik gehien-gehienak gure inguru honetatik pasatu ziren. Pen tsa zenbat mila ibili ziren!» dio ikerlariak.

Ezbeharrak

Horien artean ezbeharrak izan ziren eta he rrietako jendeak denak adituak dituzte istorioak, «abandonatuta utzi takoak, gaizki tratatutakoak, mendiz ordu bat ibili behar zutela erran eta Aniz-Berroetan utzi eta Aldudera pasatu behar, ordu bat baino gehiago da hori…Horrelakoak badira» onartu du Arburuak. «Denborarekin “leyenda urbana” batzuk ere izanen direla pentsatzen dut, baina egia da gertakari ilunak ere izan zirela. Bake epaitegietan araka tzen aritu naiz Beran, Hondarribian… eta badira portugaldarren heriotz agiriak. Errekan ito edo mendian “hil” egiten ziren eta karteran agiriren bat bazeramaten jakiten zen portugaldarrak zirela, ez beti baina kasu batzutan bai. Badaude horrelakoak eta jendearekin solasten duzu eta denak gauza bera erraten didate: “Gertatzen ziren, bai. Ikaragarria zen!”».

«Kontrabandoaren bilakaera naturala»

Portugaldarrak pasa tzearena, kontrabandoaren bilakaera naturala izan zela diote mugalariek, baina kontrabandista guziak ez ziren horretan aritu, gu tti batzuk izan ziren. Gainera, ez zen ongi ikusia izaten. “Mutikoa mutikoa, ez zakela ez per tsonarik ez armarik pasatu” erraten zen. Baina ez zen gure mugetan barrena jendea pasatzen zen lehen aldia. Gerra Zibilaren ingu ruan ere izan ziren errepublikarrak bertze aldera pasatzen zituzten mugalariak. Beraz, ez zen lehen aldia, baina egoera ezberdina zen. Mugalariek ere bakoitzak bere moduan gogora tzen dute. «Batzuk diote beraien lana zela, kontrabandoan ibilitakoa zela eta gero portugesak pasatu zituela, baina ongi tratatzen zituztela. Bertze batzuk erraten dute, “etortzen ziren andre batzuk bere takoiekin, prestatu gabeak… ez zuten abanzatzen, erdi eri, gu beldurrez…”. Beraz, estuasun horretan zer gertatzen ahal zen…».

Oinez, autoz, autobusez, kamioiez…

Portugaletik honaino etortzeko garraiobideari dagokionez, denetik izan da. «Batzuk, 1955 urte inguruan oinez ere egin izan zuten. Gero, kotxez hasi ziren, Versalles modelo handi horietikan izaten zituzten eta igual bi auto tan joaten ziren, bi txoferrekin eta 7-9 portugaldar sartzen ziren, baita maleteroan ere. Auto potenteak eta kapazitate handikoak behar zituzten. Gero, masifikazioa ailegatu zen eta kamioietan hasi ziren eta kasuren batean autobusean ere, bertze per tsona legalekin nahasiak. Esne zisternatan ere ekarri zituzten eta horietako batean, bi portugaldar ito egin zirela kontatzen dute».

Gauza berezi bezala ikasi du Arburuak bazirela euskaldunak Portugalgo muga hartara joaten zirenak ere, jendea bertan hartzera eta honaino ekartzen zutenak: «Linea osoa egiten zuten eta hori oso aipagarria da. Batzuk baziren hemengo muga bakarrik pasatzen zutenak eta ber tze batzuk bide osoa egiten zutenak».

«Emigrazioa ez da inoiz bukatzen eta emigranteak gara betidanik» .

AROTZENA | BERA

Portugaldarrek emigratzeko joera aspaldidanik izan dute, Rosa Arburuak dioenez. 1957 urtean hasi eta 1974ra bitarte sekulako emigrazioa izan zen, batez ere Frantzialdera. Bi arrazoiengatik eman zen: Portugal bere koloniatan gerran zegoela eta gazteak derrigortuta bidaltzen zituzten gudara. Eta ber tze arrazoia krisi ekonomiko izugarria zen, miseria zegoen Portugalen eta Frantziak ateak zabalik zituen langile hauentzat.

Euskal Herritik Ameriketara artzain joan zen emigrazioarekin nolabaiteko itxura zeukan fenomeno honek?

Paralelismoa egiten dut, baina baldintza ezberdinak dira. Adibidez, 1960. hamarkada horretan hemendik Ameriketara joaten zirenak, paperak eguneratuak eta kontratu batekin joaten ziren eta hango dei batekin. Baina zergatia berdina da. Hemen baserritan seme-alaba aunitz zeuden eta denentzako ez zegoen eta irtenbidea Amerika joatea zen.

Gaur egun Afrikatik Europa aldera pateratan pasatzen den emigrazio horrekin ere badu honek nolabaiteko antzekotasuna…

Emigrazioa ez da inoiz bukatzen eta emigranteak gara betidanik. Gizakia Afrikan sortu omen zen eta handik aterata bueltaka gabiltza. Mugalariek beraiek komentatzen dute hori: “Orain ere nola etortzen dira? Patera horiekin eta, antzekoa zen gurea”. Jendeak paralelismo hori egiten du, beharrak bultzaturik etor tzen dira… Parekotasunik bada, baina bada ezberdintasunik ere, ezin ditugu nahastu.

Gure inguruko jendearekin ez ezik Portugalera bueltatutako jendearekin ere aritu zara solasean…

Portugalen bizi baino gehiago, denboraldiak ematen dituzte, Frantzian laketuak daudelako. Emigranteen zorigaitza da hori: azkenean ez dakite nongoak diren eta ez dira ongi sentitzen ez toki batean ez ber tzean. Egon naiz emigratu zutenekin, egon naiz pasadoreekin… beraien esperientziak bildu ditut. Portugaldarren kasuan, bi salto egin behar zituzten isilpean, lehenik Portugal eta Espainia arteko muga gain ditu eta gero, Espainia eta Frantzia artekoa. Han pasadores delakoak ziren eta gure inguruan mugalariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun