Arantzako inauteriek nolabaiteko segida izan dute larunbat honetan, mozorro zuriek antolatutako Mozorro Bestarekin.
Eguerdi partean bertso-pilota saioa jokatu zen, Jon Maia eta Jexux Mari Irazu bertsolariak botillero zirela. Aski partida berdindua eskaini zuten pilota gozoarekin Joseba Pikabeak eta Beñat Mitxelenak alde batetik eta Joseba Madariagak eta Xabi Elizaldek bertzetik. Lehenbizikoek Maia zuten botillero eta bigarrenek Irazu. Berdintasunaren lekuko, 16ra jokatutako partida hamabosna berdindu zuten eta tantu erabakigarria bi bertsolariek jokatu zuten buruz buru. Irazuk lortu zuen hondar tantua.
Segidan jokatu zen aizkora apostua ere ikusgarria suertatu zen. Julio Lukanbio eta Zizurkilgo Joseba Otaegi aritu ziren alde batetiketa Xabi Larretxea eta Oihan Larretxea bertzetik. Hemen ere saio orekatua joan zen eta oraindik orain ez dago sobera garbi zein izan zen irabazle, bi bikoteek kasik batera eman baitzuten azken aizkora kolpea.
Gero, bertso bazkaria egin zen Aterpen eta hemen ere giro ederra izan zen, Maia eta Irazuren ateraldiekin.
Aurtengo Mozorro besta borobiltzeko, Herriko Etxeko gorapean dantzaldia izan zen Laja eta Alabier taldearekin.