Joan den otsailaren 13an, egun ederra pasatu genuen Pelle-Ttiki Haur Eskolaren aldeko egunean. Honen berri eman genizuen eta bulkadatxo bat eman genion denon artean. Haur Eskola, duela sei urte martxan jarri zen Dindaia fundazioak kudeatu eta Udala eta gurasoen laguntzarekin.
Herri ttikian bizi gara eta ekonomikoki guraso eta Udalari gastuak arintze aldera, Haur Eskola mantentzeko lanean segitzen dute gurasoek. Azken boladan hainbat ekimen egin dira: material salmenta, Pelle-Ttiki eguna...
Hurrengo urterako matrikulazio kanpaina abian da eta horren inguruko xehetasunak emateko, larunbat honetan, hilak 16, eta 11:00etan, bilera eginen da Pelle-Ttikin bertan. Eskolaren egunerokotasunaren berri jakin nahi duen guztiak, guraso, amatxi-atautxi, osaba-izeba eta zaintzaile guztiak gonbidatuak daude.