EAJ-PNV alderdiak udal hauteskundeetarako hautagaitza bakarka aurkeztuko du Beran eta Lesakan, apirilaren 16an Etxalarko Bentan egindako agerraldian jakinarazi zuenez. Hiru legealditan alkate eta Nafarroako parlamentari izandako Jose Luis Etxegarai Andueza izanen da berriz ere zerrendaburu Lesakako hautagaitzan eta Beran, berriz, Santiago Altzuguren Matxikotek errepikatuko du zerrendaburu gisara.
Etxalarko agerraldian, Napar Buru Batzarreko Manu Aierdik hartu zuen hitza eta alderdi jeltzaleak Nafarroan lanean ehun urte baino gehiago daramazkiela gogoratu zuen, hauteskundeetan erabiliko duten “Jakin eta egin” leloarekin bat eginez.
Santi Altzuguren Berako hautagaiak aipatu zuenez, legealdi honetan bezala, gainerako taldeekin batera lanerako borondatea daukatela azpimarratu zuen. Bortzirietako ur horniduraren arazoa modu amankomunatuan moldatu behar dela ere aipatu zuen eta krisi garai honetan, “dirua kontrolarekin eta gardentasunarekin kudeatu” behar dela gogoratu zuen.
Jose Luis Etxegaraik ere Lesakako Herriko Etxetik krisiari aurre egiten saiatuko direla aipatu zuen, “Arcelorrek dagoeneko erabiltzen ez dituen Luberrondo eta Bertizenea inguruetara enpresa ttiki eta ertainak erakarriz”. Edateko uraren uhertasuna moldatzeko potabilizadorea ere eginen dela aipatu zuen eta horrekin batera egin beharreko lana, Lesaka-Oiartzun saihesbidea izanen litzateke.
Modu berean, Kultur Etxearen egitasmoa legealdi honetan gauzatuko dela aipatu zuen, “PNVk Espainiako Parlamentuan egindako lanari esker eta Nafarroako Gobernuarekin eginen ditugun gestioekin, Lesakako Herriko Etxeari inolako gasturik eragin gabe”. Joan den asteburuan, ezezagun batzuk koktel molotoven bitartez Herriko Etxeari su ematen saiatu zirela ere salatu zuen.