530 korrikalarik parte hartuko dute apirilaren 17an Berako VII Mendi Maratoi Erdian

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 6a

Didier Zagoren marka hobetzen duenak 150 euroko saria izanen du. Artxiboko argazkia

Nafarroako klub arteko txapelketa ere Berako lasterketan erabakiko da

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatutako VII. Berako Mendi Maratoi Erdia jokatuko da apirilaren 17an. Aurtengoan, Nafarroako Mendizale Federazioan izena emana duten taldeentzat, Taldeen Arteko Nafarroako Txapelketa ere izanen da. Iaz egin zen lehen aldiz txapelketa hau eta orduan Manttale suertatu zen garaile. Aurtengoan ere bertze horrenbertze lortzen saiatuko dira Manttalekoak.

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatutako VII. Berako Mendi Maratoi Erdia jokatuko da apirilaren 17an. Aurtengoan, Nafarroako Mendizale Federazioan izena emana duten taldeentzat, Taldeen Arteko Nafarroako Txapelketa ere izanen da. Iaz egin zen lehen aldiz txapelketa hau eta orduan Manttale suertatu zen garaile. Aurtengoan ere bertze horrenbertze lortzen saiatuko dira Manttalekoak.

Ohi bezala, Berako Mendi Maratoi Erdiko ibilbideak 2.714,60 metroko desnibela izanen du eta 21,15 kilometroko luzera, horietatik 9,72 kilometro goiti eta 10,96 beheiti. Ibilbideko puntu gorena Larungo kaxkoa izanen da (900,40 metro) eta baxuena irteera eta helmuga puntuak: Berako herria (31,90 metro).

Aurtengoan partehartzaileen kopuruan marka bat ezarriko da, 530 lagun espero baitituzte Beran. Martxoaren 14an korrikalarien esku jarri ziren 450 dortsalak hiru orduz agortu ziren eta Manttalek bertze 80 gordetzen ditu korrikalari hoberexkoenak gonbidatzeko. Guziak emanak dira. Korrikalari hauen artean, joan den urteko senior eta beteranoetako emakumezko nahiz gizonezko podiumetan izan ziren 12 korrikalariak daude. Horretaz gain, Espainiako mendi lasterketa txapelketan hirugarren izan den Nuria Dominguez.

Azken orduko aldaketarik ez bada 45 izanen dira eskualdeko korrikalariak: 13 beratar, 7 saratar, 6 lesakar, 4 leitzar, hiruna aranztar, doneztebar eta etxalartar eta Irurita, Erratzu, Aniz, Urdazubi, Igantzi eta Arraiozko bana. Izan ere, Iñaki Pikabeak lasterketa honen izaera herrikoia azpimarratu zuen, nahiz eta goi mailako korrikalariak ere etorri.

 

Dortsalen banaketa eta ibilbidea

Dortsalak banatzen bezperan hasiko dira, larunbatean, apirilak 16. 17:00etatik 18:00etara kiroldegian banatuko dituzte, baita lasterketa egunean ere, 08:00etatik 09:00etara.

Lasterketa, berriz, igandean 09:30ean abiatuko da kiroldegitik eta zazpi hornidura puntu izanen dira. Horrez gain, erretiratzeko hiru gune ere bai: Ibardin (6. kilometroa), Usategieta (10. kilometroa) eta Landagaineta (17. kilometroa). Antolatzaileek lehen lasterkaria 10:10 aldera ailegatuko dela aurreikusi dute eta azken sailkatuak 12:50erako helmugan egon beharko du. Lasterketa amaitzean, 13:30 aldera, sari banaketa eta oparien zozketa eginen dira, eta luntxa ere izanen da. Dena ongi ateratzeko 150 lagun ariko dira lanean lasterketa egunean.

 

Palmaresa

Berako Mendi Maratoi Erdia egin den sei edizioetan hainbat txapeldun izan dira: emakumezkoetan, erraterako, Alizia Olazabalek lau aldiz irabazi du (2006, 2007, 2008 eta 2010), Oihana Kortazarrek behin (2009), Sonia Aragonek bezalaxe (2005). Gi­zonez­koetan, berriz, Didier Fagok irabazi du azken bi edizioetan; Fernando Etxegarai beratarrak ere bitan irabazi du, 2008an eta 2005ean, eta Ionut Zinkak ere bi aldiz, 2007an eta 2006an.

 

Sariak

Gizonezko seniorretan sari hauek banatuko dira:

• 1. sailkatua: 300 euro, trofeoa eta txapela.

• 2.: 200 euro eta trofeoa.

• 3.: 150 euro eta trofeoa.

• 4.: 125 euro eta trofeoa.

• 5.: 100 euro eta trofeoa.

Senior emakumez­koetan hauek izanen dira sariak:

• 1. sailkatua: 250 euro, txapela eta trofeoa.

• 2.: 150 euro eta trofeoa.

• 3.: 100 euro eta trofeoa.

• 4.: 75 euro eta trofeoa.

• 5.: 50 euro eta trofeoa.

Bertze kategoriatan ere sari gehiago banatuko dira.

 

Bertzalde, 2009an Didier Fagok ezarritako marka (01:40:19) hobetzen duen korrikalariak 300 euroko aparteko saria hartuko du eta Ibardingo tarteko helmugatik (6. kilometroa) lehendabizi pasatzen duenak 150 euroko saria ere jasoko du. Hori bai, sari hau eskuratzeko, helmugara ailegatu beharko da. Helmuga horretan 25. Postua eskuratzen duenak ere sari berezia izanen duela jakinarazi zuten aurkezpenean, hain zuzen Martiko enpresak emana, sortu zela 25 urte bete direla gogoratuz.

Aurtengoan 15-17 urte bitartekoentzat ez da lasterketarik eginen, baina urtean zehar krossen bat antolatzeko asmoa azaldu dute Manttalekoek.

 

Ateraldiak lasterketa ikusteko

Jendeak Maratoi Erdia hurbiletik segitzeko, mendi irteerak ere eginen dira. Horietako bat 09:00etan abiatuko da kiroldegitik eta Usategietara joanen da, eta bertzea, 08:30ean aterako da Larungo kaskora joateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun