Bortzirietan arreta goiztiarrerako fisioterapeuta eskaria babestu du Nafarroako Arartekoak

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 31

Arartekoarengana ere zuzenean joan ziren eskariarekin Bortzirietako ordezkariak abenduaren 22an. Artxiboko argazkia

Hau betetzeko neurriak har ditzala gomendatu dio Nafarroako Gobernuari eta bi hilabetez eman beharko du erantzuna

Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztiarraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskaintzea eskatuz idatzia sinatu zuten zerbitzu horren beharra duten hamabortz gurasok, baita Oinarrizko Jendarte Zerbitzuetako ordezkari politikoek eta teknikariak eta Osasun Zentruko pediatrak eta erizainak joan den urteko azaroaren 30ean. Eskutitza Osasunbideari eta Gizarte Ongizate Departamentuari helarazi zitzaion, arazoari lehenbailehen irteera ematea eskatuz. Nafarroako Arartekoari ere zuzenean arazoaren berri emateko joan ziren abenduaren 22an Bortzirietatik Iruñera Patxiku Irisarri eta Jokin Apezetxea, mankomunitateko presidentea eta teknikaria, Belen Compains pediatra eta Begoña Arretxea gurasoa. Orain, Arartekoak babesa eman dio bortziritarren eskariari, ebazpen bidez.

Eskaria

Gaur egun, atentzio goiztiarraren baitan, logopedia eta estimulazio zerbitzuak eskaintzen dira Bortzirietan ANFAS erakundearen bidez, baina fisioterapia nahi duenak Iruñera joan beharra du. Ondorioz, errepideko arriskuaz gain, joan-etorrietarako zailtasunak daude eta horrek, fisioterapia-saioak gutxitzea ekartzen du. Gainera, joan-etorriak ordaintzeko dirulaguntzak kendu egin dira.

Bortzirietako Mankomunitateak, pediatrak eta gurasoek diotenez, legeak berak eskatzen du guttieneko zerbitzu hauek Nafarroa osoan norbere etxebizitzaren inguru hurbilean eskaintzea, atentzio pertsonalizatu eta integralaren bidez.

Bortzirietako bizilagunak gainerako nafarrekin konparatuta desberdintasun egoeran daudela salatu dute, izan ere fisioterapia zerbitzua ez da bakarrik Iruñean zentralizatua ematen, Lizarra eta Tuteraldekoek ere beraien herrietan hartzen baitute.

Horregatik, arazoa ezagutzera eman eta fisioterapia zerbitzua Bortzirietan ezartzea eskatzeaz gain, zenbait irtenbide ere proposatu dituzte, hori errazteko soluziobideak emanez. Errate baterako, dagoeneko logopedia eta estimulazio zerbitzuak Bortzirietan eskaintzen dituen ANFASi fisioterapeuta bat kontratatzeko baimena izanen litzateke aterabideetako bat, edo zerbitzua Lesakako Osasun Zentroan ematea baloratzea, edo dagoeneko haur fisioterapeuta batekin lan egiten duen Aspacerekin zerbitzua konzertatzea, edo, azkenik, fisioterapeuta Iruñetik Bortzirietara hurbiltzea.

Arartekoaren ebazpena

Orain, Francisco Javier Eneriz Nafarroako Arartekoaren ebazpena jaso da eta Bortzirietatik eskariari babesa ematen dio. Honela Arartekoak, arreta goiztiarraren zerbitzua erabiltzaile diren Bortzirietako haurrek, fisioterapiako prestazioa behar dutenek, hau ahal den hurbilen eta, nolanahi ere, gizarte zerbitzu orokorren zorroan aipatzen den iparraldeko eremuaren barruan hartzeko behar diren neurriak har ditzala gomendatzen dio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Departamentu honek bi hilabeteko epea izanen du gomendio hau onartzen duen ala ez informatzeko, hartu behar dituen neurriak adierazteko edo bertzela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun