Hedatzen ari da etxeko konpostajea Bortzirietan. Datuek hala diote. 2008an egin zuen Hiri Hondakinen Mankomunitateak etxeko konposta indartzeko lehen kanpaina bortz herrietan eta arrakasta ikusita 2009an bigarrena egin zuen. Guztira 181 familia eta bi eskolak hartu dute parte.
Baina orain gehiago ere izanen dira. Eskaera aunitz jaso direnez, Mankomunitateak, Nafarroako Partzuergoarekin, hirugarren fasean 110 konpostontzi gehiago banatu baititu. Bortzirietako bizilagunen artean banatu den kopuru horretaz gain, Malerrekako 18 lagunei eta Baztango 17ra banatu zaizkie konpostontziak martxoaren 29an.
42.000 kiko konpost egin ziren iaz Bortzirietan
Patxiku Irisarri, Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateko presidenteak aipatu zuenez, “iaz 42.000 kilo konpost egin zen Bortzirietako etxeetan eta hori kopuru adierazgarria da”. Konpost hori, gainera, kalitate handikoa izan da eta bi bortziritarrek egindako konposta Nafarroako hamar onenen artean izan zen iaz.
Orain artean plastikozko konpostatzaileak banatu badira ere, aurtengoa egurrez egindakoa da. Gainera, egur horrek ez du tratamendu kimikorik jaso eta Kanadatik espreski ekarria da. 400 litroko edukiera hartzen duen konpostagailuarekin batera, konposta nahasteko tresna bat eta 9 litroko edukiera duen sukalderako zaborrontzi ttikia banatu zituen Mankomunitateak. Kultur Etxean konpostatzailea nora erabili, zer gai erabiltzen ahal diren, nola nahasi behar den eta gisako ikasgaiak eskaini zituzten Nafarroako Hondakin Partzuergoko teknikariek eta Berako Kultur Etxean zegoen jendearen kezka eta zalantzei erantzun zieten.
Gero, Mankomunitateak Alkaiagan duen nabera joan ziren konpostontziak hartzera.
Sortzen den hondakinen kopurua murrizteko lanean ari da azken urteotan Mankomunitatea, etxeko konposta bultzatzen. Izan ere, etxean sortzen den hondakinen %40-45 organikoa da.