Inauteriek segitzen dute... Urtero bezala, errematerako, aldi honetan ere Mozorro Besta antolatu dute Mozorro Zuriek. Egia erran, urte batzuk badira ospakizun hau egiten dela. Garai batean Mozorro ibili zirenak eta oraingoak biltzea da xede. Mozorro Zuriak betidanik inauterien antolatzaile izan dira eta garaiak aldatu baldin badira ere, herriko inauterietako pertsonaia Mozorroa da (xuria eta beltza). Urtez-urte, gehiago edo guttiago taldea bat biltzen da. Erraten denez, behin ezkonduta ez da Mozorro ateratzen... eta ez ezkonduta ere, behin adin batera ailegatzean, normalean, ez dira Mozorro Zuri ateratzen... Batez ere, lehengoak eta oraingoak biltzeko intentzioz sortu zen Mozorro Besta ospakizun gisa sustraitu da dagoeneko.
Aurtengoa apirilaren 9an izanen da eta bertsolariak nor izanen diren garbi ez badugu ere (Nafarroako Bertsolari txapelketako finala egun horretan baita), herri kirol saioa frontoian eta otordua Aterpen eginen dira armonia eta giro ederrean. Musikarik ere ez da faltako Herriko Etxeko gorapean.