Aurtengo Sanesteban bestetako egitarauaren azalerako lehiaketaren deialdia zabaldu du Berako Kultur Batzordeak.
Nahi duen guziak parte hartu ahal izanen du lehiaketan, eta nahi hainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu. Azalak Berako besta giroa islatuko du eta beti ere Berako Sanesteban Bestak 2011 testua agertu beharko da nahitaez eta ez du bertzelako testurik eramanen. Formatuari dagokionez, argazkia edo kartela kolorezkoa izanen da, ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztuko da, eta bertikala izanen da, 18x24 zentimetrokoa. Argazkia edo diseinua ez da inongo euskarriren gainean paratuko. Ahal den neurrian aurkeztutako lanak CD-an eranstea eskertuko da.
Gaia, estiloa eta erabilitako teknika libre izanen da, betiere Berako besta giroa islatzen badu. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, ezin dira izan bertze lehiaketetan aurkeztutakoak eta ez dira arruntean edo neurri batean argitaratutako bertze lan batzuen kopia edo plagioa, edo edonola bertze artista batzuen lanak: kartelak, margolanak, etab.
Lanak apirilaren 29 arte (ortzirala) eguerdiko 13:30 aitzin aurkeztu beharko dira Herriko Etxeko Bulegoetan, gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz. Epaimahaia Berako Kultur Batzordeak izendatuko du eta sari bakarra emanen du, 300 eurokoa. Lehiaketa hutsik ere geratzen ahal da. Lanak ez dira itzuliko. Sarituak izan ez diren lanak Udalak Bestetako programan erabiltzeko eskubidea bere egiten du, betiere egilea nor den adieraziz.