Nafarroako ANFAS taldean aritzen den Lorea Telletxea Lizasoain igerilariak brontzezko domina lortu zuen otsailaren 17tik 20ra Cadizko San Fernandon jokatu zen Espainiako taldekako igeriketa egokitutako txapelketan. Iruñean bizi den arren, aita lesakarra eta ama Gaztelukoa ditu 23 urteko Lorea Telletxeak eta asteburu gehienetan Lesakan ikusten ahal dugu. Urte aunitz daramazki igeriketan, «zortzi bat bai bederen», baina hauxe izan da bere lehen domina, «aitzinera begira igerian segitzeko animoa» ematen diona. Nafarroako ANFASetik zazpi igerilari joan ziren Espainiako txapelketara. Lorea Telletxea bosgarren izan zen 50 metro tximeleta eran eta hirugarren postua eskuratu zuen 50 metro libretan, brontzezko domina golkoratuz.