«Umore puntuarekin mezuak errazago iristen dira jendearengana»

Mirari MARTIARENA 2011ko martxoaren 29a

Joseba Larratxek bere buruari egindako marrazkia.

Hilabete honetan, Gasteizen aurkeztu du bere lehen komiki erakusketa Joseba Larratxe gazteak (Bera, 1985), Umore Zintak marrazten saiatu zen komikilaria izenburupean. Arkitekturan inertziaz sartutakoa, modu paraleloan eraman ditu ikasketak eta komikigintza. Ez daki etorkizunean arkitektoa izanen den, baina badaki komikiak beti marraztuko dituela. Matrakan, Nabarran, IKAren aldizkarian eta Aldiri arkitektura aldizkarian egiten ditu kolaborazioak marrazkilari honek.

 

KOMIKIEN EGOERA

«Umore zinten osasuna komikiena baino hobea da. Euskal He­rrian komiki zintetan tradizioa eta segida badago. Komiki­gin­tzan, berriz, egoera ilunagoa da. Herri ttikia gara eta ezin zaio eskatu mundu mailan hagitz minoritarioa den arte bati Euskal Herrian hobeto egotea. Zaletasuna handitzen ari bada ere, ko­­miki gutti egiten ditugu».

 

Lehenagotik egin izan duzu erakusketarik?

Orain dela gutti nik egindako bideoklipen proiekzio bat egin genuen Irungo ostatu batean. Hori izan­ da jende aitzinean aur­keztu dudan lehen proiektua. Baina komiki­gintzan hau da lehena.

Nolatan sortu zen erakusketa egiteko ideia?

Aurten Korrika ospatuko denez, Gasteizko AEK­n lan egiten duen la­gun batek proposatu zidan Ko­rri­ka Kulturalaren barruan era­kusketa egitea. Zin­ta batzuk presta­tzen joan nintzen, ba­tzuk lehengoak, bertzeak orain­goak, erakusketa osatu arte.

Betidanik marraztu izan al dituzu komikiak?

Komigintzan aspaldi hasi nintzen. Euskal He­rri­ko­­ hainbat komiki lehia­kete­tan hartu nuen parte. Ondotik eman nuen zin­tak marraz­teko pau­soa.

Nolakoa izan zen urrats hori?

Berriak argitaratzen zuen Matraka gehigarrian egin nituen lehen kolaborazioak. Umore zintak eska­tu zizkidaten eta orduan moldatu behar izan nuen formatu motz eta az­karra­gora. Inoiz ez nituen umore zintak eginak. Molda­tzen joan eta pixkanaka, hainbat aldizkaritan kolaboratzen joan naiz.

Zein desberdintasun dago komikitik umore zintetara?

Komikiak era artistiko batean lantzen uzten dizkizu bai marrazkiak eta baita zabaldu nahi diren mezuak ere. Zinten formatua ttikiagoa denez, dena murriztu egiten da.

Umore zintak marrazten saiatu zen komikila­ria izenburua du era­kus­ketak. Horrela de­fi­­­ni­tzen duzu zure burua?

Saiatu hitz hori nahita jarrita dago izenburuan. Izan ere, umorea ez diren­ bertze tono eta gai ba­tzuk­ ere lantzen ditut, ba­tzuetan umorea egiteko saiakera egin behar izaten baitut. Mikel Laboa hil zenean, adibidez, zinta bat eskaini nion omenaldi moduan.

Zein mezu iristarazten dizkiozu jendeari?

Zintekin gaurkotasunaren alderdi batzuk azal­tzea izaten da helburua. Jendeari alarma piztea. «Adi! Begira zertan dabil­tzan!» esatea, beti ironia eta umore puntu batekin. Mezuak modu horretan hobeto iristen direlako. Normalean umorea gai adierazgarri eta salagarriekin egiten dut.

Nola ikusten duzu euskal komikigintzaren eta umore zinten osasuna?

Umore zinten osasuna komikiena baino hobea da. Zintetan tradizioa eta segida badago. Komikigintzan, berriz, egoera ilunagoa da. Herri txikia gara eta ezin zaio eskatu mundu mailan hagitz minoritarioa den arte bati Euskal Herrian hobeto egotea. Komiki zaletasuna handitzen ari bada ere, hagitz komiki gutti egiten ditugu Euskal Herrian.

Kklrd.com web orria ere aurkeztu duzue...

Lazaro Yak Boldo herritarrarekin batera egin dudan orrialdea da. Kafe ordu aunitzen ondotik sortutako ideia da. Bera zineman ibilia da eta bien lana uztartu dugu orrialde honen sorrerarako. Aspal­ditik geneukan buruan ideia bueltaka. Bien artean egindako komikiak jarriko ditugu. Lehenengoa prestatuta dago eta bigarrena ere laster zin­tzilikatuko dugu. Jen­dea­ri guk egiten duguna iristeko modu baliagarria iruditzen zaigulako jarri dugu martxan.

Etorkizunean komikilari izanen al zara?

Ez dakit komikilaria izanen naizen ala ez. Argi dudana da komikiak bizitza osoan marraztuko ditudala. Arkitektura buka­tzen ari naiz, baina oraindik ez da­­kit arkitektoa izanen naizen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun