Lesakako Udalak, 2011ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea apirilaren 29ko 13:00etan akautuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz. Aurtengoan, kartelaren neurrian aldaketa izan da eta 420x594 mmko lanak aurkeztu beharko dira. Programako azalaren neurria 210x297 mmkoa izanen da. Batean nahiz bertzean Lesaka. 2011ko Sanferminak testua paratu beharko da derrigorrez.
Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 500 euroko saria eramanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.
6-12 urteko neska-mutikoek gibeleko azala
Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere apirilaren 29rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. 25x20 cm izanen dute osotara. Lehenbiziko saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 300 euroko balioa duen taloia izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.