Drogen Mendekotasunei aurrea hartzeko Herri Plana onartu zenetik, hezkuntzan, familian eta komunitatean osasunerako heziketa edo prebentzioa lantzen aritu dira Berako Udala eta Askagintza erakundea, ikastaro, jardunaldi, hitzaldi, gidaliburu, informazio puntu eta kanpaina berezien bidez. 2005ean hasi eta 2010 bitarte landu dute lehenbiziko plana. Egindakoaren ebaluazioa egiteko ordua da orain eta horretarako apirilaren 2an, larunbatean bilduko dira Beralandetan, 09:00etatik 13:30era. Gogoeta jardunaldia ere Berako Udalak eta Askagintzak antolatu dute, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren laguntzarekin.
Egitaraua
• 10:00: ongi etorria, planaren ebaluazioa eta II. planerako ildoak ezarri.
• 10:30: ebaluazio eta ildoen eztabaida taldean.
• 11:15: taldetan eztabaidatutakoa bat egin.
• 11:30: atsedenaldia.
• 12:00: hitzaldia: drogomendekotasunen fenomenoaren gaineko gogoeta, Hilario Garrudo psikologo klinikoarekin.
• 13:30: akabera. Ludoteka zerbitzua ere izanen da 3 urtetik goitikoentzat.
Astean zehar ere, martxoaren 29tik apirilaren 1era, erakusketa zabalduko da liburutegian, “Drogak, okerren kontatutako historia” izenburupean. Asteartetik ortziralera, 15:00etatik 21:00etara ikusteko aukera izanen da.
Hiru alor
Hiru esparrutan landu dute plana: hezkuntzan, familia eremuan eta komunitatean, eta bakoitzean hainbat programa.
Hezkuntzan, erraterako, irakasle, ikasle eta familiekin aritu dira lanean eta horren erakusle dira Drogak Larrugorrian eta kontsumo problemak dituzten ikasleei laguntzeko Babes Sarea egitasmoak. Hasieran DBHkoekin aritu baziren ere, Lehen Hezkuntzan ere programa bat landu zuten iaz.
Familia eremuan, gurasoentzako saioak egin dira, familia eremutik prebentzioa nola landu daitekeen hausnartu dute. «Helburua familia osasuntsuak eraikitzea da, arauak eta mugak jartzen jakitea, komunikazioa bultzatzea...» aipatu du Askagintzako Bakartxo Iraguik.
Komunitatean ere programa andana landu da: aisialdiko begiraleeak formatzeko proiektua, Gozatu, ez tronpatu kanpaina bestetan (kartelak, pegatinak, alkoholimetroa...), Drogak eta sexualitateak informazio puntua (Beralandetan aholkularitza eskaintzen dute, hilabeteko bigarren eta laugarren ortziraletan, 17:00etatik 20:00etara)…
2010era artekoa zen herri plana, baina oraindik ere lanean segituko dutela aipatu digu Jon Abril zinegoziak: «2011 trantsizio urtea izanen da. Kanpainak eta ikastetxeetako interbentzioa mantenduko ditugu, baina hurrengo plana prestatzeko ere baliatu nahi dugu gogoeta jardunaldia».