Berako gazte batek guardia zibilaren esku otsailaren 3an jasan zuen tratu bortitza salatu du Berako Udalak ahobatez, martxoaren 24an egindako agerraldian. Berako gazteei babesa emanez azaldu ziren Herriko Etxean ordezkaritza duten udal talde guziak, Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta PNV, Josu Iratzoki buru zela.
Alkateak aipatu zuenez, “honelako gertakariak urtero gertatzen da iaitsun azken bolada honetan Beran, gazteriak pairatzen dituen mehatxu, presio eta jazarpenak ugaritzen ari dira, baina oraingoa bezain larririk ez da gertatu edo ez da salatu behinipein”.
Salaketa epaitegian
Izan ere, gazteak salaketa ere jarri du guardia zibilen kontra epaitegian. Horren arabera, otsailaren 3an, 18:45ak aldera etxera bizikletaz zihoala guardia zibilaren kontrola ikusi zuen kuartelaren pareko errotondan. Etxeko portalean sartu zenean, guardia zibil batek kaputxatik heldu eta arrastaka atera zuen portaletik, bizikleta eta guzi. Behin kanpoan, eskuak paretaren kontra jarri zuten eta sakelak, kartela, motxila miatu zioten. Horra bitartekoa ohikoa izaten ahal da gure inguruan, baina Nortasun Agiria aztertzen ari zirela, Berako kuarteleko bi guardia zibil hurbildu eta gazteak Berako kontzentrazioetan parte hartzen zuela erran zieten bertze agenteei.
Momentu horretan, portaleko atea irekitzea agindu eta barnera sartu zuten gaztea, ondoan bi guardia zibil, eskaileretan bertze bat eta ateraren kanpoaldean bertzea, inor etxebizitzan sartzea galeraziz. Agenteetako batek metraileta luzearekin apuntatzen zuen bitartean bertzeak laburrarekin mehatxatzen zuela salatu du gazteak eta horretaz gain, erabat biluztu eta metraileta puntarekin gorputz osoan jo zuten, mehatxatzen zuten bitartean.
Honen aitzinean guardia zibilaren indarkeri adierazpen guztiak desagerrarazi behar direla aldarrikatu du Berako Herriko Etxeak ahobatez onartutako mozioan, eta era berean “salatu nahi dugu iritzi publikoaren aurrean, berriz horrelako gertaera errepresiborik errepikatu ez dadin”.
Berako alkateak gogorarazi zuenez, Euskal Herriko hainbat eragilek hartutako Gernikako akordioan bertzeak bertze adierazten da “inoren aurkako mehatxu, presio jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagerraraztea, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa”.