Berako ezker abertzalea ere lanean ari da, udal hauteskundeen ondotik datorren lau urteetarako ahalik eta programarik osatuena egin asmoz.
2007ko hauteskundeen emaitzei esker, ezker abertzaleak izan du Beran alkatetza lau urteotan. “4 urte denbora aunitz dela dirudien arren eta gauza aunitz egin baditugu ere orainik bada zer egin Beran eta gu lanerako gogoz gaude” aipatu dute agerraldian.
Berako herriaren egoeraren diagnosia egina dute eta orain berriki herritarren artean inkesta bat banatu dute Herriko Etxearen gabezien gainean herritarrek iritzia emateko eta garrantzi haundiena edo arazo gehien ikusten diren gaiak nabarmendu asmoz. Inkesta hauek bildu, aztertu eta sailkatu egin dituzte.
Lan honi esker herri programa osatzeko oinarriak jarriak dituzte eta orain batzarretan zehaztuko dituzte Berako ezker abertzalearentzat lehentasuna izanen duten proiektuak.
Agerraldian adierazi zutenez, “Ezker abertzaleak Beran 2011-2015 legegintzaldian herrikoetxean egon behar du, esperientzia haundiko lan taldea dugu eta lanerako beldurrik ez, adin guzietako jendea biltzen gara eta Berako herriaren hobe beharra baizik ez dugu bilatzen, ezker abertzalearen baitan interes orokorra babesten dugu, interes pertsonalak alde batera utziz”.
Gisa horretara, “Bera, herri euskaldun, ezkertiar eta abertzale baten alde lan egin nahi duzuen guziak” gonbidatu dituzte datozen asteetan eginen diren batzarretara.