Nafarroako Gobernuaren Landa Garapene eta Ingurumen Departamentuak Berako Labiaga ikastola aukeratu du, Nafarroako bertze zenbait zentrorekin batera, “Eskoletarako fruta plana” programa abian paratzeko. Europako Batzordearen dirulaguntzaz sustatuta dagoen plan honen bidez, ikastetxeetan 3 eta 6 urte bitarteko etapan fruta eta barazkiak jateko ohitura osasungarria bultzatu egin nahi da haurren artean.
Etapa horretan hasita, Labiaga ikastolak interesgarritzat jo zuen plana eta izena eman zuen, eta aukeratua izan da. Plan honekin, elikatzeko ohitura osasungarriak erakutsi nahi zaizkie haurrei batez ere, denboraldiko fruta eta barazkien kontsumoa bultzatuz. Horretarako astean hiru egunetan ikastolan hamaiketako jateko orduan, etxetik gosaria ekarri beharrean, mota desberdinetako fruta zein barazkiak banatuko zaizkie. Plana martxoaren 14ean martxan jarri zen eta hamasei astez luzatuko da eta modu honetan ere, Labiagako haurrek ohizko frutaz gain, hainen arruntak ez diren frutak ezagutu eta dastatu ahal izango dituzte, errate baterako, kokoa, kakia, cherry tomatea, azenarioa eta gisakoak.