Errepresio frankistaren memoria politikoa oinarri hartuta, Eguzki Bideoak, Gerónimo de Uztariz Institutuak eta Memoriaren Bideak elkarteak elkarlanean ekoiztu eta Nafarroan herriz herri ikusgai izanen den zinema dokumental zikloa Lesakara ailegatuko da. Lehenbiziko filma, “Prohibido recordar” martxoaren 18an, ortziral arratsaldeko 19:30ean eskainiko da Kasinoan. Iosu Martínez eta Txaber Larreategik zuzenduriko eta Moztuk ekoizturiko dokumental honetan, Mutrikuko Saturrarango espetxean egondako emakume presoen esperientzia jasotzen da. Filma Donostiako azken Zinemaldian aurkeztu zen, eta bere webgunea ere ikusgai dago: www.prohibidorecordar.com
Martxoaren 25ean, Nos quitaron todo filma eskainiko da, 19:00etan Kasinoan. “Den dena kendu ziguten, nekazari eta lapurren historia bat” izenburuaren gibelean, garaiko hainbat pertsona nafarren testigantzak biltzen dira, tartean Pedro Lanz Antxordoki lesakarrarena ere. Filma ikusi aitzinetik kolokioa eginen da.
Zikloa bukatzeko, apirilaren 1ean, “827 kilómetros sin retorno” filma eskainiko da 19:30ean Kasinoan.
Prohibido recordar filmaren sinopsia
Faxistek emakumeentzako espetxe bihurtu zuten Mutrikuko Saturrarango bainuetxea 1937 eta 1944 bitartean. Hortik 4.000 preso politiko baino gehiago pasatu ziren, horietako 108 eta haien seme-alabetako 48 hil zirelarik, espetxearen arduradun ziren serora merzedarien tratu txarren ondorioz. Gaixotasunak, gosea, torturak, zigorrak, umiliazioak, sexu erasoak eta seme-alaben lapurretak: garaituak menpean mantentzeko izuaren erakusle.