Hamaika istorio, hamaika kanta, hamaika lagun… Elizako organuak solasean baleki… Mende pasatxoko adina du musika tresna honek, zehazki 107 urte. Zaragozako Roqués Hermanos enpresak 1904an egin zuen. Aski ongi egin du bere lana urte horietan guzietan. Joxerrak, Martinek, Gregoriok, Beñatek… eta bertze zenbaitzuek tartean, organuaren tonu guziak jo dituzte. Eta herriko abesbatzaren laguntzarekin ospakizun ederrak izaten dira. Gainera, aditu batzuek aztertu ondotik, organoaren balioa goraipatu dute. Hala ere, hobekuntzak behar ditu funtzionamenduan mantentzeko eta joan den martxoaren 8an moldaketa lanetan hasi ziren.
Hernaniko Garbi enpresa pipiaren arazoa moldatzeko lanean burubelarri ari da. Aste honetan lanekin bukatuta, bertze hiru asteko atsedenaren ostean, Taller de organería Acitores delako enpresak hilabete batez bertzelako lanak eginen ditu.
Guzira, 20.000 euro pasatxoko gastua izanen du organoaren konponketak. Gastu hau ordaintzeko bi bide proposatu dira:
Batetik, Nafarroako Kutxan honetarako espreski irekitako kontu korrontean, bakoitzaren borondatearen arabera diruz laguntzea. (50 eurotik goiti ematean errenta aitorpenean %20ko desgrabazioa izan dezan agiri bat jasoko da). Eta bertzetik, Zuk aukeratu zuk erabaki programan, organoa moldatzeko proiektuari bozka emanez.
Guztion artean, hain altxor baliotsua den organua mantentzeko ahalegina egitea da xedea.
Halere, Vatikanoak, Aita Santuak... ez ote du diru pixka bat gure herriko elizako organoa moldatzeko?