Normalean maiatzaren 1aren inguruan egiten diren Udaberriko Bestak, aurten apirilaren 15, 16 eta 17an izanen dira, data aldatzea erabaki baitu Euskara Batzordeak. Egitarauaren berri aitzinerago emanen dugu, baina zerbait aitzineratze aldera, aipatu, bigarren eskuko produktuen merkatua eginen dela aldi honetan ere. Biltzen den dirua dantza talderako izanen da; batez ere, dantza taldearen arropa berritzeko.
Gogoratu, lehenbiziko urtean (2007an) azokako dirua herriko mapa egiteko izan zela eta 2009an abesbatzaren 20. urteurreneko ekitaldiak antolatzeko erabili zela.
Euskara Batzordetik jakinarazi dutenez, laster taldetxo bat ibiliko da etxez etxe, merkatu horretarako gauzak emateko gauzak eskatuz. Aitzineko aldietan bezala, oraingoan ere mota guztietako puskak bildu nahi dira: liburuak, musika, jostailuak, jokoak, apaingarriak... eta etxean egindako produktuak ere bai: kontserbak, baratzeko produktuak, arraultzak, loreak, gozogintzako produktuak, sendabelarrak...